Musika-estilo ugari aurtengo Santa Krutz jaietan

Aiurri 2024ko api. 28a, 09:38

Astearte arratsaldean hasiko dira jaiak Irunberri Kultur Elkarteak botako duen txupinarekin batera. Bada, gauean, Arrixku taldea izango da lehena, punk, rock eta erromeri kutsu soinuekin. Ondoren, Gozo Gozo erromeri talde andoaindarrak azken kontzertua emango du.

DJ Bull, aurten, Irunberri tabernan

Asteazkenean, atsedena hartu nahi ez duenarentzat, DJ Bull entzuteko aukera edukiko du Irunberri tabernan, gaueko 22:00etatik aurrera.

Ostegunean, Kuadrilla Egunean, gauean, Kaparrak talde “atxabaltarra” taularatuko da, runba erritmoko kantuekin. Eta, ondoren, DJ Naza arituko da, plaza girotzen.

Santa Krutz egunean, ostiralean, Elektropottotte taldeak girotuko ditu kaleak; iaz, ikusmira handia sortu eta jendetza batu zuen kaleetan.

Nikotina eta Hofe 4:40, ostiral gauean

Gauean, jaietako talde ezagunenak izango dira protagonista: lehena, rap, reggae eta dancehall musika motak uztartzen dituen Nikotina taldea izango da. Ondoren, Hofe 4:40 musikari nafarrak lehertuko du plaza, underground kutsua duen musika elektronikoarekin.

Larunbatean ere ez da aspertzeko astirik izango. Arratsaldean, Zumea plazan, Bomber, Ibandevice eta Shaker DJak musika jarriko dute. Gauean, berriz, erromeria eta techno-elektronika musika motak izango dira protagonista, Muxutrukekin eta DJ Fresa Morangorekin.

Azken egunerako gogotsu dagoenarentzat ere bada zerbait gehiago; sagardo-txapelketaren amaieran, Babarrunba taldea izango da Zumea plazan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!