ZIZURKIL 2018-07-06 11:38

Zizurkilgo frentean hildako lehen gudariari aitortza

Zizurkilen, Zarateko Bentan hil zuten Jose Arana 1936ko irailaren 17an. Frankistek hildako ANVko lehen gudaria izan zen. Datorren asteartean, uztailaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan oroimen ekitaldia eskianiko diote Polloeko hilerrian.

Zizurkilgo frentean hildako lehen gudariari aitortza

Ekitaldian izango dira Zizurkilgo Udal gobernuko ordezkariak Joxe Mari Luengo alkatea buru, Aranzadiko kideak, auzolandegiko gazteak eta baita Arana beraren senideak ere.

Aduna, Asteasu eta Zizurkilgo Udalek Aranzadi Zientzia Elkartearekin eskuz esku antolatutako auzolandegian Belkoain Zarate-Aitz eta Andazarrate batzen zituen defentsa sistemako lubakiak azaleratu dituzte azken urteotan. Aurten, Larraulgo Udala ere batu da ekimenera eta bertan ari dira lanean gazteak. 1936ko gerran, faxisten altxamenduaren aurrean Candido Saseta generalak diseinatutako defentsa-sistema da bistaratzen ari dena.

“Frente de Andazarrate”

Izen honekin aipatzen da dokumentu zein eskuizkribuetan Aiztondoko lurretan barrena eraikitako 4 kilometroko lubakia. Kandido Saseta buru eurak baino gehiago eta hobeto prestatuagoak zeuden Frankistak mendian geratzea zuten helburu. 34 egunez eutsi zioten tropa frankistei. Abuztuaren 16an sartu ziren Zizurkilen, eta irailaren 19an agindu zien Sasetak bere gizonei erretiratzeko. Karlos Almorza eta Javi Buces historialariek jasoa dute defentsa sistema honi buruzko historia: Saseta defentsa sistema: Armatutako erresistentzia antifaxista Adunan, Asteasun eta Zizurkilen izeneko liburuan. Eta bertan hildako gudarien izenak ere agertzen dira, lehena, JOSE ARANA, Zarateko Bentan hil zuten irailaren 17an. Borrokan hildako lehenengo ANVko kidea izan zen. Hari horri tiraka erabaki du Zizurkilgo Udalak herrian hil zuten gudari horri omenaldia egitea.

Polloeko hilerrian

Datorren asteartean, uztailaren 10ean, arratsaldeko 18:00etan egingo da oroimen ekitaldi xumea Polloeko hilerrian, bertan baitago lurperatuta Arana.  Zizurkilgo Udalak Arana oroitzeko jarri duen plaka bat bistaratuko da. Ekitaldian izango dira Zizurkilgo Udal gobernuko ordezkariak Joxe Mari Luengo alkatea buru,  Aranzadiko kideak, auzolandegiko gazteak eta baita Arana beraren senideak ere. Donostiako Udala ere gonbidatu dute ekitaldira. “Giza eskubideen alorrean, biktima ezberdinen aitortza izan dugu ipar orratz azken urteetan, frankistek fusilatutako zizurkildarrak edo gertuagoko indarkeria ezberdinek hildakoak aitortu ditugu, eta iruditzen zitzaigun Jose Aranari ere zor geniola hainbeste, herrian hil zutelako faxismoaren aurka ari zela”, adierazi du Maite Amenabar funtziotan Zizurkilgo alkateak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image