ZIZURKIL 2018-06-23 12:22

Bailara eta baserrien izenak berreskuratu dituzte

Zizurkilgo baserriek ehunka urteko historia gordetzen dute. Baserri horien izenek, ordea, ez zuten ofizialtasunik. Berreskuraketa lana egin berri dute.

Zizurkilgo baserrien izenek ofizialtasuna berreskuratu dute

Zizurkilgo baserri eta etxe izenek, ofizialtasuna galdu zuten golpe frankistaren ondoren. Garai hartako udal idazkariaren erabakiz, baserri guztiak “diseminado” izatera pasa ziren, ehunka urtetan mantendutako izenei ofizialtasuna kenduz.

Gauzak bere onera ekartzeko, Zizurkilgo Udalak eta Hernandorena Kultur Elkarteak plangintza bat garatu dute, herriko baserri eta bailaren izenak berreskuratu eta ofizialtasuna emateko.

Hernandorena eta Udala

Bide luzea izan da baserri eta bailaren izenak berreskuratzearena, besteak beste, azterketa historikoa, elkarrizketak eta lan administratiboa eskatu dituena. Maiatza amaieran egin zuten ekimenaren aurkezpena. Teodoro Hernandorena elkarteko ordezkaria den Joxin Azkuek hartu zuen hitza, egindako lanen berri emateko. 1391ko agiri bat hartu zuen ahotan, aurkezpena zabaltzeko: “Herriko lekukoen zerrenda ageri da agiri horretan: Rumes de Nekola, Santxo Legarralde, Santxo Izibar, Pello Pagamuño, Joan Lardamuño, Joan Zaldua, Migel Erretenbarrutia, Martin Iraola, Joan Salugarate, Joan Areta, Joan Galardi, Joan Iragorri, Joan Ugarte, Arizmendi, Otazu, Irazu, Mendizabal, Andia... Horiek guztiak gaur egun dauden baserrien izenak dira. Argi dago mendeetan eta mendeetan etxeen izenak garrantzia handia izan duela Euskal Herrian, eta hala izan zela Zizurkilen ere”.

Diseminado

Baserri eta etxeen izenen ofizialtasun horrek bere horretan iraun zuen golpe faxistaren ondorena arte. Joxin Azkuek azaldu duenez, “udaletxean egon zen idazkari frankistak, hori guztia deuseztatzea erabaki zuen, ziurrenik goragotik zetorkion agindu bati erantzunez. Baserri eta bailara izenak kendu, antolakuntza hura ezabatu, eta guztiari “diseminado” deitu zioten, etxe bakoitzari zenbaki bat emanaz”. Mendeetan iraun zuen izendapen osoa deuseztatu zuten modu horretan.

Teodoro Hernandorena Kultur Elkarteak, arbasoek utzitako deiturak eta leku-izenak betiko galtzeko zorian zeudela ikusita, berreskuraketa lanari ekin zion duela zenbait urte. Bailara eta baserrien izenak berreskuratu, eta frankismoan galdutako ofizialtasuna eman die orain, Udalarekin elkarlanean.

Fideltasuna eta moldaketa

Demokrazia iritsi zenean, ‘diseminado’ zena 'sakabanatua’ izatera pasa zen, baina aldaketa gehiagorik ez zen egin. “Egoera horri buelta emateko, lankidetza polita sortu zen Udalaren eta Hernandorena taldearen artean. Lankidetza horren fruitu gisa etorri da azken urteotako lanaren emaitza”. Bi ardatzetan oinarritu dute baserri izenak berreskuratzeko prozesua. Batetik, fideltasun historikoa zaindu nahi izan dute. “Herria nola antolatzen zuten jakin nahi genuen. Horretarako, artxibategira joan, eskriturak ikusi, jendearekin hitz egin, agiri zaharrak aztertu..., pauso horiek emanda, poliki-poliki ulertu genuen nola banatzen zen administratiboki herria. Bigarren ardatz bat ere kontuan hartu nahi genuen. Oinarri historikoa aintzat hartuta, behar berriei erantzunak ematea. Herria aldatu egin da, eta erantzunak eman behar genizkien aldaketa horiei”.

Ofizialtasuna

Baserri eta bailaren izendapen berriari ofizialtasuna emateko prozesua zabaldu zuten Udalean. Toponimiari izaera ofiziala emateko, barne azterketa egin zuten lehendabizi, eta herritarrekin kontsulta ere zabaldu zuten. Euskaltzaindiara bidali zituzten osatutako proposamenak. Haien oniritzia jasota, “Zizurkilgo Toponimia” izeneko dokumentua onartu zuen Udalak 2018ko martxoaren 7an egindako osoko bilkuran. Horrelaxe gauzatu zen ofizialtasuna.

Proiektu luzea izan dela azpimarratu du Maite Amenabar zinegotziak, baina baita interesgarria izan dela ere. Bide horren amaieran, gainera, “herriko ondarea den toponimia, jasota geratu da”.

BOST BAILARA

Baserri eta etxeen izenei ofizialtasuna emateaz gain, bailara bidezko banaketa ere berrskuratu dute Zizurkilen: Mendibailara, Buztinbailara, Akezkobailara, Elbarrena eta Ergoiena.

Mendibailara: Zizurkilgo bailarararik zabalena. Herri-eremuaren iparraldea hartzen du, udalerriaren erdia baino gehiago osatuz. Mendibailaran kokatzen dira herriko punturik altuenak: Ezkeltzu (511 metro) eta Zarateko Haitza (492 metro). Garai bateko nekazal jardueraren gainbeherak basogintza bultzatu du bailararen eremu gehienetan, hegoaldeko zenbait baserritan izan ezik. 35 baserri eta etxe hartzen ditu Mendibailarak. Andia baserria da Mendialdeko lehen zenbakia duena, eta Etxabesaletxe baserriak 41.a.

Buztinbailara: Herriaren ekialdea jartzen du. Zarate alderako ardatzetik Asteasuko Elizmendiko mugarainoko eremua hartzen du. Buztinbailarak nekazaritzarako aproposak diren zelaiune eta belardi zabalak ditu. Baserri eta nekazaritza munduari gehien lotuta dagoen bailara dela esan daiteke. 31 etxe edo baserri hartzen ditu Buztinbailarak. Portxeta baserriak du bailarako lehen zenbakia, Gaztañalde etxeak azkena.

Akezkobailara: Kanposantuko ardatzetik mendebaldera luzatzen den bailara, izena ematen dion Akezkoerrotaren inguruan zabaldutakoa. Bi zatitan bereizi daiteke: Asteasurekin muga egiten deun eremua, Epergain eta Basagain tontorren magala, oso baserri girokoa da. Elbarrena inguruko aldea berriz, han hemenkako etxez eta hirilurrez eta hainbat lantegiz osatuta dago. 26 baserri dago Akezko bailaran. Menditarte etxeari dagokio bailarako lehen zenbakia, Txiarrari 36. zenbakia.

Elbarrena: Asteasuko errekaren eta Oria ibaiaren ibarretan zalatzen den hiri-lur eremua da. XIX. mendearen amaieran eraiki zuten tren geltokiaren inguruan garatzen joan den industriak migrazio handia erakarri zuen, bai Euskal Herritik baita estatutik etorritakoa. Horrela, Fraisoro izan ezik, erabat hiri eremua da eta bertan biltzen da Zizurkilgo biztanleriaren gehiengoa. Bost etxe-izen biltzen ditu bailara honek. Beibategi baserriak du lehen zenbakia, Eguzki etxeak bailarako azkena.

Ergoiena: Herrigunetik ekialdera zabaltzen da. Jatorriz Elbarrena bazen ere, ez du hiri bilakaerarik garatu. Horregatik, eremu hauek Elbarrenatik eten, eta Ergoiena izeneko bailara osatzeko erabakia hartu zuten. Oraindik ere baserri giroa nagusi dela esan daiteke. 12 etxe edo baserri hartzen ditu bailarak guztira. Mutio baserria da Ergoiena bailarako lehen zenbakia duena, eta Errekalde bailarako azkena.

Herrigunea: Udaletxearen eta elizaren inguruko muinoan biltzen den herrixka. Administrazioak hiri-lur izendatu zuen eremu hori. Bertan daude Donemiliagako markesaren jauregia, herri eskola eta pilotalekua. Hauen inguruan eraiki diren etxebizitzek osatzen dute herrigunea.

Iruzkina Idatzi

Captcha image