ZIZURKIL 2018-01-14 15:18

Itzibarko karobia, zaharberrituta

Urria aldean hasi zituzten Itzibarko karobia txukundu eta mantentzeko lanak. Herriko ondarea mantendu eta ondorengoei erakustea da helburu nagusia.

Herriko ondarea zaindu eta ondorengoei erakusteko helburuz berritu dute karobia

Itzibarko kideak, gustura

Etxeko kideek zaindu izan dute beti Itzibarko karobia. Azken konponketa, 2002 urte inguruan egin ziotela argitu du Iñaki Oiarbidek: “Karobiaren aurrealdeko estalpearen teilatua erortzear zegoen, eta berritu egin genuen. Urteak aurrera, ordea, karobiaren egoera okertzen ari zen; aurrealdeko arkua egoera txarrean zegoen, bereziki. Lan horiek behar bezala egiten zekien norbait behar genuen, eta Hernandorena taldeko Joxin Azkuerengana jo nuen, laguntza eske”.

Burdina taldekoei laguntzen ere aritu dira Itzibarko kideak: “Harri batzuk falta ziren, eta haiek biltzen aritu ginen. Hortik aurrera, lan horietan trebatuta daudenei utzi genien”, azaldu du.

Emaitzarekin oso gustura daude Itzibarko kideak. “Erori izan balitz, ezerezean geratuko litzateke eta pena handia zen hori. Oso gustura gaude emaitzarekin”. Laster, karobiaren inguruko informazioa biltzen duen panela jarriko da inguruan, “jendeak zertarako eta nola erabiltzen ziren jakin dezan”. Gaur egun Itzibar baserrian bizi direnek ez zuten ezagutu karobia martxan, baina bai kare-hondarren bat edo inguruan. Horregatik, bere aiton-amonen garaiaz geroztik erabili gabe dagoela uste gu Iñakik.

Itzibar baserriko kideek egin izan dituzte beti karobia zaindu eta mantentzeko lanak eta horregatik eutsi izan dio zutik. Azken urteetan, ordea, karobiaren egoera geroz eta kaskarragoa zen. Teodoro Hernandorena taldeko kideengana jo zuten Itzibarko kideek. Joxin Azkue taldekideak azaldu duenez, “guk ez dugu eskarmenturik horrelako lanetan. Udalari eskaera luzatu, eta lan brigadarekin txukunketa lanak egitea zatekeen errazena, baina beste zerbait egin behar zela erabaki genuen. Ondarea zaintzeko, dakien jendearengana joan behar da”.

 

 

Burdina taldearekin

Andoaingo Burdina taldeko kideekin hitz egitea erabaki zuten. “Eskarmentu handia dute gisa honetako lanetan. Iñaki Arruti taldekidearekin hitz egin genuen eta baiezkoa eman zigun”. Urrian jarri zituzten martxan lanak. Ingurua txukuntzea izan zen egindako lehen lana. Auzolanean egin zituzten lan horiek, Burdinakoek ohi duten gisan.

Ezagutza tekniko zabalagoko lanen premia ere bazuen, ordea, Itzibarko karobiak. Iñaki Arrutik azaldu duenez, karobiaren sarrerako arkua egoera kaskarrean zegoen. “Guk uste baino egoera okerragoan zegoen gainera, eta pasabidea moztea erabaki genuen, inork minik har ez zezan. Altsasutik etorritako Josetxo Crespo harginak izan du arkua bere onera ekartzeko ardura”.

Teodoro Hernandorena eta Burdina taldeetako kideak, Urkamendi elkartean.


Karobi zaharra

Lanak amaituta daude dagoeneko, eta Itzibarko karobiak antzinako itxura berreskuratu du. Aurrealdean aterpe polita du karobiak, teilatu eta guzti; martxan zegoenean guztiz premiazkoa izango zuten aterpe hori, materiala pilatzeko edota euritik babesteko.

Karobi zaharra da Itzibarkoa, Zizurkilgo guztiak bezala. Burdina taldeko kideek azaldu dutenez, gisa honetako karobiak, “ez ziren karobi industrialak, etxerakoak baizik. Hiruzpalau metroko altuera eta bi metroko diametroa izaten dute. Lana errazteko, bertatik bertara egoten da kareharria ateratzeko harrobia eta halaxe gertatzen da Itzibarkoarekin ere”, azaldu du Burdina taldeko Joxe Ramon Berrondok.  “Harrobia bertan izanda ere, lan neketsua izango zen, zalantzarik gabe, karobia piztea. Egurra moztu, lehortzen utzi, karobiraino garraiatu, kareharria atera, behar zen tamaina lortu arte txikitu…”, azaldu dute.

Aurrez egin beharreko lan horiez gain, karobia bera piztea ere ez zen batere erraza; harrizko ganga bat eraiki behar zuten lehendabizi, “ganga horren gainean pilatzen zuten kareharria eta azpialdean pizten zuten sua. Sei bat egun behar izaten zituen kareharriak ondo egosteko eta suari eutsi behar izaten zioten, gau eta egun. Behin sua itzalita, bi egunez hozten utzi, eta kare bizia ateratzen zuten”.

 

Kareharritik, karea

Kozkorretan ateratzen zuten karea. “Kareharriari hezetasun guztia kentzen zioten prozesu horri esker, baina erabili ahal izateko, hezetasun puntu bat itzuli behar izaten zaio; uretan jarrita lortzen da hori”, azaldu dute Burdina taldeko kideek. Erabilera asko ematen zitzaizkion kareari garai batean. Joxe Ramon Berrondok azaldu duenez, “baserriak zuritzeko, ukuiluak desinfektatzeko, soroak ongarritzeko, edo, baita eraikuntzan, paretak altxatzeko mortairu gisa ere”. Baserrietan, beraz, behar-beharrezkoa zen karea.

Aurrez aipatu bezala, karobi zaharra da Itzibarkoa, eta baita Zizurkilen zutik dauden gainerako guztiak ere. Inguruan, ordea, askoz ere ohikoagoak dira karobi berriak edo frantsesak. Industrialagoak izaten ziren azken hauek, ekoizpen handiagoetarako prestatuak. “Altuera handikoak eta estuak izaten dira. Goialdetik elikatzen zituzten, egurra eta kareharria tartekatuz. Azpialdetik sua eman, eta erretzen zihoan eran, azpialdetik ateratzen zuten karea. Egur eta kareharri pila jaisten zihoan heinean, material gehiago gehitzen zitzaion goialdetik, behar zen kare kopurua lortu arte”, azaldu dute Burdina taldeko kideek.

 

Ortzaikakoa

Auzolanean berreskuratu zuten Andoaingo Ortzaikako karobia gisa honetakoa da, eta azaroan piztu zuten. “Herriko ondarea mantetzea eta erakustea da Burdinaren helburu nagusia. Transmisio lan horretan, garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako ekitaldiak antolatzea. Jendeak ikus dezala karobiak nola erabiltzen ziren”.

 

Zizurkildarrak, auzolanean

Itzibarko karobian urrian hasitako lanetan, Ander Otaño zizurkildarra aritu zen, besteak beste. Taldeak egiten dituen deialdietan parte hartu ohi du Anderrek: “Burdina taldearen berri izan ondoren, Iñaki Arrutirekin hitz egin nuen, nola lan egiten zuten galdetzeko. Auzolanak interes berezia sortzen dit, eta baita, nola ez, gure herritako ondarea berreskuratzeak ere. Burdinaren filosofiarekin bat egin, eta parte hartzea erabaki nuen”.

Aresoko Santa Krutz ermitako indusketa lanetan parte hartu zuen Anderrek lehendabizikoz. Alfredo Moraza arkeologoaren gidaritzapean ari dira lan horiek egiten, eta zorte handia izan zuen Anderrek egun hartan: “Ermitako pareten aztarnak aurkitzeko zortea izan nuen. Ikaragarrizko poza eman zidan eta horrek erabat lotu ninduela uste dut. Orain, ahal dudanero parte hartzen dut Burdinaren deialdietan”. Itzibarko karobian ere aritu zen Ander: “Ez nuen nahi bezainbeste etortzerik izan, baina gustura parte hartu nuen, noski. Gure herriko paraje hori ezagutzeko baliagarria izan zait gainera, ez bainintzen sekula bertara iritsi. Oso aberasgarria izaten ari da niretzat Burdinarekin hasi berri dudan ibilbidea”.

 

Talde giro bikaina

Lagunarte polita osatzen dute Burdina taldeko kideek. “Afizioak elkartzen gaitu, gustura egiten dugulako jarraitzen dugu asteburuetan elkartu, eta ondarea berreskuratzen. Asko ikasteko ere balio digu gure afizio honek. Hasi ginenetik hona, ikaragarri ikasi dugu”. Denetariko jendea elkartzen du Burdinak: “Bakoitzak bere lanbide, ikasketa edota interesak ditu, baina talde polita osatzen dugula esan daiteke. Elkartu, lan pixka bat egin, eta hamaiketakoa ere egiten dugu”, azaldu du Joxe Ramon Berrondo taldekide andoaindarrak.

Itzibarko karobian lana amaituta, udaberriko eguraldi goxoa iristearekin batera egingo dute aurkezpen ekitaldia. “Herritarrei erakustea da helburua. Transmisio hori egitea guztiz beharrezkoa da, gure herriko ondarea gal ez dadin”, azpiamrratu du Joxin Azkuek.

Iruzkina Idatzi

Captcha image