URNIETA 2018-03-13 10:17

Organo entzunaldia ostegunean San Miguel parrokian

Organo ikasleek "Organoa eta lagunak" izeneko organo emanaldia eskainiko dute ostegunean 17:30etan, San Miguel parrokian. Biolin, klarinete eta bonbardinoko zenbait ikasleek ere hartuko dute parte; baita, musika-hizkuntzako taldek batek eta Asier Lizartza tronpeta-jotzaileak ere.

Organo entzunaldia ostegunean San Miguel parrokian

Pantaila handi bat jarriko da parrokiako aldarean entzunaldia ikusi ahal izateko. Amaieran, ikusleek parrokiako korura igotzeko aukera izango dute Cavaillé-Coll txikia ezagutzera.

San Miguel parrokiako organoaren historia

Urnietako San Miguel parrokian 1865. urtekoa den organo berezi bat dugu. Izan ere, XIX. mendeko frantziar organogintzako organogilerik garrantzitsuenetariko batek egindakoa da, Aristide Cavaillé-Coll-ek, eta beraz, altxor txiki bat dela esan daiteke. Urteen joan-etorriarekin zenbait transformazio izan ditu. Egun, 54 notatako teklatu bakarra, 13 pedal-nota eta guztira 7 erregistro  (organoaren soinu desberdinak) dituen instrumentua da.

Lourdes Iriondo musika eskolan, duela zenbait urtetik hona, San Miguel parrokian organo eskolak ematen dira eskolaren zuzendariaren eskutik: Ana B. García (Donostiako Koruko Andre Mariaren basilikako organista izenduna).

Iruzkina Idatzi

Captcha image