2018-06-28

Eskerrik asko Andoain

Ana Carrere

Eskerrik asko Andoain! Udako solstizioarekin su majikoa piztutzeko zain egoten gara. Ohitura zaharrak dioen bezala, urteko gauza txarrak sutara bota eta hurrengo urteko desio berriak eskatzeko su majikoa pizten dugu. Une erakargarriak dira, herria bertan elkartzen da. Dantzatzen diogu. Kantatzen diogu. Suak duen erakargarritasunari so egoten gara. Hantxe bidaltzen dizkiogu geure nahiak betetzeko esperoan.

Egun horretan, sua piztu baino lehen, bere indarra eta berotasuna jaso baino lehen, erritual paganotik datozen ohiturei errespetua erakusteko, udalbatzako ordezkariok dantza egiten dugu. Urduritasun uneak izaten dira; herriaren aurrean, udal ordezkariok aukeratu gaituen herriari gure errespetua erakusten diogu.

Alkatearen aginte makila eskutan, plaza erdi-erdian, bakarrik, txistuaren doinua soilik entzuten dela, babesgabetasun puntuarekin aitortu behar dut, hortxe, guztien aurrean, herriari dantzatzen dio alkateak. Andoaindar guzti-guztiei errespetua aitortzen dion momentua izaten da. Urtean behin egoera aldatzen da, behintzat.

Aurten niretzat oso berezia zen. Seguraski, azkeneko aldia izango baizen plazan, andoaindarren aurrean dantza egingo nuena. Akaso, beste urteetan baino urduritasun gutxiagorekin nengoen; esperientzia izango da. Halere, beti bezala, seriotasun eta errespetu osoarekin.

Eta zoritxarra iritsi zitzaidan.

Nonbait, sua piztu gabe, ezin izan nuen haren indarra jaso. Aldiz, haren indar magikoaren faltan, herritarrena jaso dut. Zuen berotasuna. Zuen elkartasuna. Udal ordezkari guztiena. Udal langileena. Herritar ugarirena. Etengabea izan da. Benetan hunkigarria egin zait. Idazten ditudan hitz xume hauen bitartez, nire eskertza bidali nahi dizuet guztiei. Bihotz-bihotzetik.