2018-01-12

Prest gaude

Sare Andoain

Jada dakizuen bezala, aurten ere urtarrilaren 13an manifestazioa antolatu da Bilbon. Urtarrileko manifestazio hau, urtero errepikatzen den zita bilakatu da, nahiz eta urtero azkena izan dadin nahi dugun. Egoera aldatzen ez den bitartean ordea, zita errepikatzen jarraituko da, preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatu daitezen eta auzi honi irtenbidea emateko urratsak emateko prest gaudela adierazteko.

Elkarbizitza egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko, beharrezkoa deritzogu presoen giza eskubideen edo trataera humanitarioaren kontra doazen espetxe politikak aldatzea, nazioarteko estandarrekin bat ez doazen salbuespen neurriak bertan behera utzi eta legeak egun bizi dugun errealitatera egokitzea. Hala nola: gaixo larrien egoera, zigorra bete duten presoak aske uzteko ezezko jarrera, familiak zigortzen dituen urruntze eta sakabanaketa (azken urtean 9 istripu eta azkena nahiko larria eragin ditu) eta gurasoetako bat edo biak espetxean dituzten “Motxiladun” umeen egoera injustua.

Giza eskubideak maila guztietan errespetatuak izatea, gizakion berezko duintasun eta eskubide ukaezina da. Kontuan izanik kartzelatuak dauden euskal presoen eta beraien familiartekoen giza eskubide asko ez direla errespetatzen, gizarte osoari dagokigu elkarlanean gizakiaren oinarrizko eskubide eta askatasunaren begirune orokorra ziurtatzeko ahalegina egitea, egunerokoan elkarbizitza indartuko duen jarrera landuz, ekimen desberdinetan parte hartuz, gure prestutasuna azalduz…

Urtarrilaren 13ko manifestaziorako deia, beste aukera bat gehiago da giza eskubideen edo luzeegi doakigun egoera gatazkatsuari irteera duin bat boz-gora aldarrikatzeko. Abenduaren 9an Parisen egin bezala, Bilboko kaleak jendez beteta, ozen oinarrizko eskubide demokratikoak aldarrikatzeko; preso gaixoen egoerari, urruntze politikari, familiartekoen joan-etorri amaigabeen sufrikarioari, Motxiladun umeen egoerari… irtenbide duin bat aldarrikatzeko...

Elkarrekin aurrera egiteko PREST GAUDELA adierazteko, egun horretan Urnietatik eta Andoaindik autobusa antolatu dugu Bilbora joan-etorria egiteko:

  • Irteera Urnieta: Matxoneko autobus geltokitik 15:30ean

  • Irteerak Andoain: Makaldegitik, 09:15ean (goizekoa) eta 15:30ean (arratsaldekoa).