2017-12-19

Aurrera jarraitzen dugu

Ganemos Irabazi

Pertsonak edota alderdi politikoak bide berrietan abiatzen garenean, zalantzak sortzen dira beti; baina helburua garbia denean, lainoa desagertu egiten da. Bide onean goaz, edukiontzi organikoaren erabiltzaileei Ordenantza fiskaletarako %15eko hobaria iaz egin genienean, PSOEk bere egin baitu aurten. Oraingo honetan proposamena onartu izanak poztu egiten gaitu, baina guk pauso bat areago eman nahi dugu. 

Irailaren 25ean Ganemos eta Irabazi taldeen izenean eskaera egin genuen Zerbitzu batzordean (Ipar Haizea ekologisten plataformarekin bildu ondorenean), alderdi politiko guztiek txipdun edukiontzi grisa jartzearen alde elkarrekin lan egin genezan, birziklapen datuak hobetzeko neurri gisa. Apaltasun osoz eta gure aukeren baitan, oposizio eraikitzailea egiten saiatzen gara, andoaindarren eguneroko bizimodua hobetzeko ideiak eskainiz.

Bi arrazoi nagusirengatik ez dugu gai horren inguruko moziorik aurkeztu. Batetik, lehen alderdia gara antzeko neurriak sustatzen (Bergaran EAJk edota Zumarragan PSOEk oso emaitza onekin egiten dute) eta aspaldian elkarte ekologista ugari Gipuzkoa mailan lanean ari da zero zaborreko lurraldea lortu nahian. Esperientzia horiek ingurune garbiago nahiz osasungarriagoak izateko ikasgai onak dira gure ustez eta, era berean, zaborraren faktura herritarrentzat nabarmen murrizteko. Bigarrenik, badakigu (hasieran hanka-sartzeren bat egin bagenuen ere), aurrekontuekin edota informe tekniko eta juridikoekin lotutako Udaleko edozein ekintza dagokion batzordean landu behar dela lehenengo. Horixe gertatu zen gure (Ganemos, Irabazi eta atxiki gabeko zinegotzia, gobernu taldearekin batera), Stop Zurrumurruak programarekin bat egiteko proposamenarekin, eta EAJk, proposamena lehenik batzordean eztabaidatzeko eskatu zuen, arrazoi osoz. Huts egitea gizakiona baita eta huts-egina zuzentzen jakitea jakintsuena.

Tabernetan politikari guztiak berdinak direla esaten dutenei, Ganesmos taldeak, herriko taldeei esleitutako diru-horniduratik udaletxeko diru-kutxara, 9160,22 euro itzuli dituela jakinarazi nahi diegu eta Irabazik, 2548 euro.

Podemos-Andoain-Ahal dugu zirkuluak (Ganemos taldeak aktiboki elkarlanean jarduten du), Udal proposamenak babestearekin batera, Foru Aldundiak autobus lineatan burutu nahi dituen murrizketen inguruan alegazio propioak ere aurkeztu ditu, Podemos alderdiko batzarkide Patricia Geteren eskutik.

Ustelkeria kasuen kontrako fiskalak Gürtel kasuaren inguruan egin duen adierazpena irmoa izan da: “Guztiz eta nabarmen egiaztatuta geratu da PPren B kaxa”. Rato kasuaren, Lezo kasuaren edota, beste askoren artean, Palma Arena kasuaren berri judizial guztiak. PPko gobernuaren aldetik, Hezkuntza, Osasungintza edota Babes sozialeko inbertsioen murrizpena. Oraintsu, azken sei urteotako preziorik altuenera iritsi da argiaren salneurria. Europako langabezia tasarik altuena duen bigarren herrialdea izaten jarraitzen du Espainiak.

Gai horiek guztiak hil edo biziko gaiak dira herritarrentzat, nahiz eta indarra galdu duten lurraldeko beste hainbat eztabaiden harira. Kataluniako gaia gai bakar bilakatu da, arduradun politikoek orain artean Konstituzioa begien aurrean jartzeko erabili baitute, haurrek gordeketetan jolasatu nahi dutenean eskuekin egiten duten bezala, errealitatea estali nahian.

Distantzia jartzea eta zalantzazkoak izatea leporatzen digute, gure jarrera oso argia izan den bitartean; gauza bera defendatu dugu beti. Alderdiko kide batek dioen bezala: “Gatazka baten aurrean, demokrazia gehiago izaten da beti irtenbidea”. Autonomia estatutua kontuan hartzen ez duen alde bakarreko adierazpenari ezetz esaten diogu eta, era berean, Konstituzioaren 155. artikuluari ere ezezkoa ematen diogu, ez baitzaigu gustatzen. Alderdi konstituzionalistak aldatu ezin daitekeela esaten tematu dira, baina 135. artikulua aldatzeko bat etorri ziren arazorik gabe, ‘zorraren ordainak erabateko lehentasuna izan zezan’, hezkuntzaren, osasungintzaren eta menpekotasun legearen aurrean. Estatu plurinazionala garela uste dugu. Parte hartzen duten nazio guztiak errespetatuak eta onartuak sentituko diren zuzenbideko markoa lortu nahi dugu, baina hori inolaz ere ezin daiteke indarrez inposatu. Elkarrizketaren alde egiten dugu, baita bermedun galdeketa itunduaren alde ere, batak bestea eraman duen zentzugabekeria egoera honi irtenbidea emateko. Zer proposatuko dute alderdi konstituzionalistek, alderdi independentistek oraingoa baino parlamentuko ordezkaritza hobea eskuratzen badute abenduaren 21eko hauteskundeetan? 155.a aplikatzen jarraitzeko asmoa al dute?

Gauzak beste era batera egin daitezkeela uste dugu. Nahi bada egin daiteke! Guk nahi dugu!