2018-11-08

Behobia-Donostia

Oharra: jarraian datorren hau ez da arauen dekalogo bat, ezta lehertzera doan lehergailu baten atzera kontaketa ere, Behobia-Donostiaren analisi subjektibo labur bat besterik ez.

62.000 hanka, oin eta zapatila ariko dira korrika igandean. 62.000 gutxi gorabehera; izan ere, izango dira zapatila galdutako oinak, oinik gabeko hankak, edota Boulevardean lau hankan sartuko direnak ere.

31.000 parte-hartzaile. Jo dezagun Fortuna Kirol Elkarteak 6.000 dortsal banatu dituela bere babesleen artean. Hala ere, 25.000 lagunek erosi dute dortsala, 45€ balio dituen dituen dortsala. 25.000x45€= 1.125.000€ –bai-bai, ez pentsa zerorik soberan dagoenik–. Kirol elkarteari izena jarri zionak bazekien zerbait… horixe Fortuna!

54. edizioa izango du aurten lasterketak. 1979tik jarraian egiten den 39.a. Urte hartan, Asteasuko Joxemiel Irazuk irabazi zuen Behobia-Donostia 1:03:55eko denborarekin. Portzierto, lasterketa egunean, 7:00etan jaiki eta bi legatz xerra gosaldu omen zituen. Eta haiei eztarritik behera pasatzen laguntzeko, ura bikarbonatoarekin.

20 kilometro. Asteasutik Legorretara, edota Urnietatik Tolosara dagoen distantzia bera. Baina Behobiatik Donostiara dauden 20 kilometroak ez dira edozein 20 kilometro.

11, Azaroak 11 da korrikalari guztiek egutegian gorriz markatuta daukaten Eguna. Ez unibertsitateko azterketa-garaia, ez alabaren urtebetetze-eguna, ez hauteskunde eguna… Behobia-Donostia Eguna. Eguna eta Ordua.

8 anoa gune. Horietan guztietan egongo da ura –antolakuntzaren arabera. Nor fidatu, ordea, 2015 urtean pasa zena pasa ondoren, antolakuntzak dioenaz? 2015eko azaroak 8, igandea. Behobia-Donostiaren 51. edizioa. Termometroek 27 eta 29 gradu arteko balioak markatzen zituzten eta Behobia eta Donostia artean zeuden anoa guneetan ura bukatuta. Urik ez irteera puntutik azkena atera ziren milaka parte hartzailerentzat.

7 koloretako dortsalak. Aurreko urteetan egindako denboren arabera banatuak. Onenek horia, ez hain onek morea, hurrengoek berdea… Lasterketa egunean korrika ahalik eta denbora gutxien pasatzeko, ordea, orduan eta ordu gehiagoz entrenatu behar aurrez. Badira astean 5 edo 6 orduz entrenatzen duten korrikalariak, eta nola ez, baita “entrenatu gabe” ateratzen direnak ere, “gutxi ibilita”. “Gutxi ibilita” 1:20:00an egiten duzuenoi, bejondeizuela! Zuen aldamenekoari galdetu behar ea zer den zuen “gutxi” ibiltze hori.

5 herri, mila txoko eta jendetza animatzeko pronto. Gora egun seinalatuak! Derby eguna, Kilometroak festa, inauterietako Zaldunita, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren eguna… Zerbaitek elkartzen gaitu eta ez da gutxi!

2 irabazle. Nesketan bat eta mutiletan bestea. Boulevardera lehenengo iristeak ematen duen poztasuna ezingo da ezertxorekin konparatu; izan ere, ez dut uste inor Behobia-Donostia lasterketan, ematen dituzten sariengatik aterako denik. Garaikurrak bai baina diru-saririk ez. Eskualdean egiten den edozein urte zaharreko krossetan ere sari hobeak ematen dituzte.

1, helburu 1. Korrikalari bakoitzak lasterketara buruan eramango duena. Bakoitzak berea bete dezala, eta korrika hankekin egin behar baduzue ere, ez ahaztu burua erabiltzeaz. Zorte on. Edo beste modu batera esanda, fortunatuak izan zaiteztela!

Iruzkina Idatzi

Captcha image