2018-10-20

"Gau sorpresa", une magiko hori

Oroitzapenean ondo gordeta daukat sekuentzia hura. Hogeita hamar urte atzera egin behar dut... Astearte bat zen, eta afaritan ginela, hara aitak zer burutazioa eduki zuen: “Goazen Xoxokara! Ez-dakit-nongo-eta-badakit-nongo baserrietako gazteek antzerkia egin behar dute kalean”.

Buruntza auzoan jaioa eta hezia izaki, ondotxo zekien Xoxokako jendearen berri. Seme-alabok, ostera, gutxi edo deus ez. Baina nola esan ezetz antzerkirako gonbitea ordura arte sekula egin ez zigun aitari?

Gogoan daukadana da barre sanoak egin genituela gau hartan. Atrezzo gisa plazaren erdian jarritako mahai bat eta argi foko baten laguntzaz, auzoko gazteek kapaz izan ziren ikusleok ordubete gogoangarria igaro genezan. Pare bat sentsazio utzi zizkidan gau hark: gidoi gutxirekin inprobisazio-ariketa itzelaren lekuko izan ginela, eta, antzerkiaren kontzepzio zorrotza desmitifikatzeko baliagarri izan zitzaidala. Antzerkia, jendaurrean hitzez eta gorputzez adierazteko aparteko doaiak dituzten pertsona pribilegiatuentzako erreserbatua dagoen kultur jarduera zenaren ideia, alegia.

Urtetan ez nintzen Xoxokako gau majiko hartara itzuli, harik eta Aiurrin lanean hasi eta hango jaien inguruko kronikak egin behar izan nituen arte. Zenbait edizio ikusi, eta gozatu ditut orduz geroztik.

Orain 30 urteko antzezleen seme-alabak edo bilobak izango dira gaurko antzezleak ziurrenera, kultur transmisioa egon den seinale. Urteak joan arren, mamian –eta estetikan ere esango nuke– nahiko antzeko izaten segitzen du egitarauan iragartzen duten “gau sorpresa” horrek.

Gogoeta sakonetan ibili gabe, gutxieneko argudio hari bati jarraituz, antzerkilari bakoitzak ahal duena egiten du, bapatekotasuna nagusi! Hori bai, nahita edo nahigabe, kontua da euskal gizarte zati baten parodia, eta autoparodia, irteten zaiela.

Igual etorriko zaizkigu antzerkizale puro-puroak esatera hori ez dela antzerkia, baserritarkeri trakets bat besterik ez dela. Enfin, nahi lukete antzerkilari ugarik eduki Xoxokako gazteek jendaurrean erakusten duten lotsagabekeria, umorea, grazia, euskaraz mintzatzeko berezkotasuna...

Ba al dago antzerkiaren esentziari eustea baino gauza modernoagorik? Alegia, taularatzen den antzezpen horrek, artilujio artifizialik gabe, ikusleengan giza sentimenduak piztea? Bada, hori erruz lortzen dute Xoxokan. Bejondeizuela belaunaldiz belaunaldi herri antzerkia bizirik mantendu duzutenoi. Urte askotarako!

Iruzkina Idatzi

Captcha image