2018-07-05

Jaiak dantzaren erritmoan

Iritsi dira San Juan jaiak beste urte batez. Iritsi eta baita pasa ere, laster batean; urteko egun luzeenak direnak atzean utziaz badator udako denboraldia. Denbora librea. Oporrak. Atsedena. Eguraldi ona ere bai, akaso.

Santakrutzetatik hasi eta Sanjuanak pasa arte erritmo frenetikoan ibiltzen gara kultur talde desberdinetako kideak: entseguak, planifikazioa... Kanpotik ikusten ez den atzetiko lana. Denak ondo irten beharra dauka, eta horretarako orduak sartzea beste biderik ez dago.

Txupinazora arte festak hasten ez badira ere, txupinazoaren aurretik umeen amets on eta gaiztoetan agertzen diren erraldoi eta buruhandiak beraien atseden-lekutik atera eta bazterrak nahasteko prestatu genituen, atondu eta plazara gerturatuz, txupinazorako.

Aurten, Urki dantza taldeak hogeita hamar urte betetzen ditu, eta berak izan du txupinazoa botatzeko ardura. Halako aukera galtzen utzi ezin daitekeenez, zerbait berezia egin beharra genuen beraren parte garenok eta izandakoek, ospatzeko; herriari esker oneko agurra egin ondoren, aurtengo lemari jarraituz ingurutxoa dantzatzeko gonbidapena zabaldu genuen, jendearen erantzun ona jasoz, mordoxka animatu baitzen, ia sartu ezineraino libratutako plazan.

Giroa ikusita erraldoiak Txulalai dantzatzen jarri genituen ere, pentsa! Behin amaituta, baina, erraldoiek eta buruhandiek eguraldi ona probestu zuten haurren gozamenerako, ohiko ibilbidea burutu eta bueltan beraien lozorrora eramanez, dultzainen doinu eta maskurien zarata artean.

Urkiren urteurrenari jarraiki, suaren aurrean dantzatzeaz gain, astelehenean emanaldi berezia eskaintzeko aukera izan genuen, Euskal Herriko txoko desberdinetako dantzez koloreztatuz jaiak; batek baino gehiagok pasatako urduritasunak izan zuen bueltan merezitako saria, jendearen harrera beroa ikusita.

Puntu horretaraino jada nekatuta iristen gara, ezin gezurrik esan, baina ahituta egonagatik ere, amaieraraino jarraitu behar da, nekeak ezin baitu gauzak erdi bidean uzteko arrazoia izan. Urtetan herrian galduta egondako zezensuzkoa festen metafora ederra dela iruditzen zait, festetan buru-belarri gauzak antolatzen ibiltzen diren eta garon horientzat: pixkanaka agortzen ari den karga emanagatik ere mailari tinko eusten zaio, eta jada amaiera gertu denean, azken kartutxoak besterik geratzen ez direnean, azken indarrak batu eta bukaera distiratsuago bat ematen zaio gauari, datorren irteerarako gogoa berrituz ingurukoengan.

Orain, denbora librearekin zer egin asmatu behar egun hauetan lepo ibili garenok. Atseden on batekin hasita, kartutxoak birkargatzeko.

Iruzkina Idatzi

Captcha image