2017-11-03

SanmartiƱak

Jai eta pesta nagusi geienak igaro ditugun arren, azaroaren 11 emen degu. San Martin egunarekin; eta aurten larunbatez egokitzen denez, pestak antolatzeko ezin egokiago. Besteak-beste, Amasa degu urteko jai nagusitan.

Ongi dakigu izen opiziala Amasa-Billabona dala, baiña gure pentsaeran bi erri erabilliko ditugu. Nekez entzungo degu Santiagotan Amasako pestak eta Sanmartiñetan Billabonakoak. Beraz, bi erri bezela juzkatzen ditugu, eta ogeita amar urtean Billabonan bizi naizenez, bi erriak ondo konpontzen dirala esango nuke eta ori da bearrena.

Erri geienak bezela azken urtetan Amasa ere asko edertu dala esan bear. Agian, pestak ere aldatuko ziran, baiña pelota leku estalia, jatetxe ederra, elkarte bat, etxe berriak eta abar, orain ez da lengo Amasa. Tripa zorriak ondo kenduta aize sanoa arnastuz pakean gozatzeko or daukagu Alustiza nekazal turismo etxea. Oriek danak orrela dirala, Amasara joaten naizen bakoitzean etxe bat ikustean tristura samin bat sortzen zait ordea; Arantzabi jatetxea ezaguna izan zana itxita. Nolaz aztu an pasata gauden ordu gozoak?Eskaillerak gorako eta berako zirela esan zunak etzun gezurrik esan.

Gure garaia joan zan arren, erri prankotako eskarmentuak baditugu eta orietako bat, Arama degula esan behar, Sanmartiñetan pestak dituztenez, 1959garren urtean Agirre (G.B.) eta biok eraman ginduzten bertsoetara. Zer zala uste dezute ortarako arrazoia? Gazteak dantza lotuan ibiltzeko baimena ekarri zuten gobernadoreangandik eta zarrantzat ere zerbait jarri bear zala-ta, bertsolariak ekarri. Orrela gertakizunak gaur sinistu eziñak dira noski. Garai bakoitzak bere emaitzak. Nola zerri edo ardi-zarra iltzeko garaia degu San Martiñak etorri ezkero; askok tripa-pestak deitzen diote San Martiñetako aueri eta on egin.

Pesta giron idatzi det orain artekoa, baiña, pestak aztuta ibiltzeko gertakariak bazituzten garai bateko Sanmartiñak. Baserritar geienak maizterrak ziranez, nagusiak aitzaki gutxi asko izaten zun maizterra etxetik bialtzeko, eta garai ori San Martin eguna izaten zan. Esan izandu didate, garotako giro ederra zegola usotara joan zen maizterra eta nagusiak ikusita etxetik bialdutakoa zein zan. Adibidez, gure ama zana-ta  (G.B.), bost senide ziran eta iru erritan jaiotakoak, Orendaiñen, Elduaiñen eta Berrobin.

Zituzten tresna eta ganaduak artuta Orendaindik Elduaiñera etorri bearra etzan izango pestara joatea.

Gaur ere keja gera, baiña bizimodua zenbat ondu dan ez dago esaterik. Ia aztu zitzaidan: aurki txakolindegi eder bat ere izango omen degu Amasan. Suerte on.

Amasa orrek bai omen ditu

konta ezin ainbat urte,

orko parroki ta illerriak

zerbait esaten digute;

da Billabona osatutzen da

esaera ta birtute,

ikasitako gizonak ere

orrela esaten dute.

 

Batek San Martin dauka zaindari

besteak Jesusen Biotza,

Santiago ta Santana ere

ez da bikote arrotza;

nai dan guztitan ez da izaten

olako bitartekotza,

itxaropena dagon lekuan

gertu izaten da poza.

 

Bi senide on diruditela

Amasa ta Billabona,

neroni ere emengotarra

len beste baten nengona;

bildurrik gabe zabal dezagun

esaera zarrak diona,

aurreruntz ere izan ditezen

pakea ta zoriona.

Iruzkina Idatzi

Captcha image