2017-10-06

Catalunyako historia laburra

Birkonkista bukatu zenean, 1492an, Iberiar Penintsulan lau erreinu kristau zeuden: Gaztela, Aragoi, Nafarroa eta Portugal. Azken honek bere ibilbidea egingo zuen gaur egungo errepublika bihurtu arte. Aurreko hirurak, ordea, modu batez edo bestez, batu ziren oraingo egoerara eboluzionatuz.

Nafarroako 1512ko konkista militarra denok ezagutzen dugu. Gaztela eta Aragoiko batasuna, aldiz, ezkontza baten bidez egin zen, Errege Katolikoena, hain zuzen ere, bi koroak batu zituen lehen erregea Karlos I.a izan zelarik. Catalunya, berez ez zen subjekto politikoa, baizik eta Aragoiko Koroaren partaidea, Bartzelonako Konderriaren izenpean. Aipatutako hiru erreinuak, beraz, monarka beraren agindupean geratu ziren, baina batasun horrek ez zuen suposatzen bestelako aldaketarik, hau da, Gaztelak, Aragoik eta Nafarroak amankomunean zituzten erakunde bakarrak monarkia eta inkisizioa ziren. Beste arlo guztietan bakoitzak bere autogobernuari eutsi zion norberaren legeak, gorteak edo zerga sistema mantenduz. Politika honi paktismoa deitzen zaio.

XVIII. mendearen hasieran arazo dinastikoa zela medio, Ondorengotza Gerra piztu zen. Funtsean tronoa eskuratzeko bi familien arteko borroka izan zen, Austriak eta Borboiak. Gaztelak eta Nafarroak Borboien alde egin zuten. Aragoi berriz Austriazalea izan zen. 1713an Borboien garaipena aldarrikatzen zuen Utrechteko ituna sinatu zen. Catalunyak, Rafael Casanova buru zuela, ez zuen ituna onartu eta gerrarekin aurrera egitea erabaki zuen. 1714ko irailaren 11n Bartzelona konkistatua izan zen. Horregatik irailaren 11n Diada ospatzen da, horregatik Nou Campen partiduko 17 minutuko 14. segundua heltzen denean Independentzia oihuak entzuten dira. Porrot horren ondorioak latzak izan ziren. Aragoiko Koroako erakunde guztiak desagertarazi egin zituzten eta beraien tokia Gaztelakoek hartu zuten. Hau izan zen autogobernu errealaren bukaera. Hemendik aurrera batasuna ez zen bakarrik dinastikoa izango, politikoa ere bai. Nafarroak, ordea, garailearen alde egin zuenez, foruak eta erakundeak mantenduko zituen.

XIX. mendea nazionalismoen gorakadarena izan zen. Testuinguru honetan, eta Renaixença izeneko mugimendu kulturalaren inguruan, Catalunyakoa eratzen hasi zen, bi adar nagusitu zirelarik, errepublikazale-federalista alde batetik eta bestetik kontserbadore-korporatibista. Azken hau izan zen jarraitzaile gehien lortu zuena XX. mendean sartzean. Aldi berean, zonalde industriala izanik, langile mugimendua oso indartsua izan zen Catalunya osoan eta batez ere Bartzelonan. Anarkisten eragina handia izan zen eta hainbat atentatu eta kale istilu larri suertatu zen, Liceuren kontrako atentatua,  Corpus Christikoa, Aste Tragikoa,...

Nazionalismoak aurrera segitzen zuen, Madrilgo Gorteetan diputatuak lortuz eta hainbat politikatan eragiten. Ezin dira ahaztu Cambóren lana (Mauraren gobernua babestu zuena) eta Maciaren proposamenak. Catalanismo moderatuaren ordezkatzen zuten bi hauek. Hau guztia Bartzelona bertatik 1923an emandako Estatu Kolpe batek moztuko zuen. Primo de Rivera generalak Alfontso XIII. erregearen baimenarekin boterea indarrez hartu eta zazpi urteko diktadura martxan jarri zuen, nazionalismo periferikoarekin zerikusia zuen guztia ezabatuz. Katalanismoa klandestinitatera pasatu zen.

1931ko udaberriak errepublika ekarriko zuen. Urte bereko konstituzioak eskualdeei autonomiak eratzeko aukera eskaini zien eta Catalunya izan zen eskubide hori erabili zuen lehena. ERC-k uko egin zion errepublika katalanaren aldarrikapenari Estatut honen truke. 1932a Estatut de Nuria onartu zen (boto emaileen %99ak baiezko botoa eman zuen) eta Generalitat, Parlament eta beste erakunde batzuk martxan jarri ziren. Katalanak hizkuntz ofizialaren statusa lortu zuen. Baina errepublika katalanaren aldarrikapena ez zen gehiegi atzeratuko, 1934ko urriaren 6an, Lluis Companys presidenteak, 20:10etan, Generalitateko egoitzaren balkoitik hori baieztatzeko hitzaldia eman zuen.

Espainiako gobernuak gerra egoera deklaratu zuen eta hurrengo eguneko goizeko 07:00etan Generalitatean sartu eta presidentea eta hainbat kontseilari atxilotu zituen. Autonomia suspenditu zen eta epaitegiek 30 urtetako espetxealdia ezarri zieten agintariei, baina 1936ko otsaileko Fronte Popularraren garaipenarekin batera amnistiatuak izan ziren eta autonomia berezarrita. Urte bereko uztailean estatu kolpeak porrot egin zuen Catalunyan eta Gerra Zibila luzea eta gogorra izan zen herrialderako. 1939an tropa nazionalek lurralde osoa okupatu zuten, frankismoaren gau ilunari hasiera emanez. 40 urtetako gaua non espainiar nazionalkatolizismoa nagusia izan zen. 1940an, adibidez, naziek Companys atxilotu zuten, Irunen Espainari entregatu eta frankistek Montjuicen fusilatu zuten.

1978an, Franco hil eta hiru urtetara, konstituzioa onartu zen eta harekin batera autonomia estatua. Honen barnean 1979ko urriaren 25ean katalanek erreferendumean onartu zuten estatutua, 2006an berritu zutena eta gaur egun, lerro hauek idazten ditudanean indarrean dagoena.

Hau da Catalunyaren iragana laburtuta. Orainaldia eta batez ere etorkizuna beraiek eta beste inork ez erabaki dezatela.

Iruzkina Idatzi

Captcha image