2017-06-16

Egape ikastolak 50 urte

2013an Argentinara egin genuen bidaian ezagutu genuen elkar. Hogeiren  bat  ginen Madrilgo aireportuan elkartu eta Argentinarako bidea hartu genuenok. Lehen aldia zen eta, ohikoa denez, agurrak eta besarkadak izan genituen ezagupen bideak. Zu zinen, Ascension, guztion artean adinekoa. Emakume fina, dotorea, argia.

 Ondoan zenuen zure iloba. Denok gindoazen Argentinara  Francoren diktadurapean jasandako atxiloketa, desagerketa eta torturak salatzera, hemen Espainian ez baitzegoen kereilak jartzeko  aukerarik. PPren Gobernuak ez zuen eta ez du borondaterik 1936ko  Gerran  gertatutako krudelkeriak (desagertuak, hilak, torturatuak, espetxeratuak)  ikertu eta  erantzuleak epaitzeko.  Hori izan zen Argentinako Gortean kereila jartzeko arrazoia. Gu joan aurretik baziren zenbait gerra denboran Argentinara ihes egin eta Justizia Unibertsalaren izenean kereila ireki zutenak. Eta, guk, bide horri ekin genion hemengo Justizian inongo borondaterik ez genuelako ikusten.
Argentinan ez genituen egun asko egin, baina ongi aprobetxatuak izan ziren. Egun haiek aukera eman zidaten zu hurbiletik ezagutzeko. Argentinan sortu zen Plataformak  handik eta hemendik ibili gintuzten eta batik bat erakunde publikoetan, hala nola, Kongresuan, Senatuan... Zu zinen atentzioa ematen zuena eta berehala zetozen galderak. Jakina, zu zure aitaren bila joan zinen. Bazenekiten Gudalajarako hilerrian zegoela lurperatua baina,  ez zenuten aukerarik izan hilobiratze duin bat eskaintzeko. Gerra garaian, hainbat lekutan bezala, eta hainbatekin gertatu bezala, zure aitaren gorpua bazter batean jaurti zuten. Eta aukera izan zenuen, joan ginen guztiok bezala, Serbini epailearen aurrean deklaratzeko.  Gogoan dut, zuk, ere, eta guztiok bezala, halako lasaitasun  bat hartu zenuela deklaratu ondoren, ordura arte ez baikenuen aukerarik izan modu lasaian egiteko.  Eta, gogoan dut epaitegikoa bukatu eta elkar besarkatu ginela eta, pozaren pozez, hauxe esan zenidala: Orain  bakean hil naiteke; eta aurpegian islatzen zen zure barneko bakea eta lasaitasuna.
Urteak joan, urteak etorri,  zure abokatuak lanean aritu dira  zure justiziazko eskaera  burutzen, eta egun hauetan jakin dugu Serbini epailearen aginduz eta Guadalajarako epailearen aginduz hilobitik gorpua ateratzen saiatu direla, eta bigarren ahaleginean zure aitarena aurkitzea lortu dutela. Argentinan deklaratu zenuen momentu hura  momentu pozgarria izan bazen, oraingoa hau ez da seguruenik gutxiago izango eta oraingoan ere esaldi mardula jaurti duzu: “Aitaren hilobian lurperatzea nahi dut”. Alegia, zure gorpua beraren ondoan lurperatua izan dadila. Zorionak Ascension. Laurogei urte luzaro igaro dira  gerra krudel hartatik, baina  borrokak merezi izan du eta Frankismoaren aurkako inpunitatearen aurkako ikur bilakatu zara. Zorionak Ascension, zuri eta zure familiartekoei!!

Lorpen honen 
ondorengo hausnarketa
2013tik hona, zorionez, gauzak aldatuz doaz. Orduan soilik Argentinako bidea ikusten zena, bidea zabalduz joan da, eta hemengo epaitegiak ere hasi dira kereilak jasotzen. Bi bideak dira egokiak, baina esperientziak erakutsi du garrantzitsua dela hemengo epaitegiak ere erabiltzea. Badirudi, gainera, zenbait erakundeetako zerbitzu juridikoek ez dutela   bidezko ikusten Argentinarako bidea. Hala nola, Bilboko eta Donostiako Udalek. Baina horrek ez du esanahi hemengo epaitegietako bidea itxita dagoenik. Eta horretan ari dira  zenbait Udal eta Aldundiak. Gasteizkoak aurkeztu zuen berea  1976ko sarraskiak salatu eta oraindik bizi diren zenbait erantzule epaituak izan daitezen. Oker ez banago, Gasteizko Udal eta Aldundia izan ziren aurkezleak baina, epaitegiek atzera bota zuen. Helegitea jarri dute eta erabakiaren zain daude. Udalen aitzindari eta eredu Iruñako Udala dugu, Asiron alkatea buru. Kereilatu aurretik Udal bulegoa ireki zuen, herritarrek ahal zuten testigantza emateko. Lan asko ondoren, testigantza asko jaso zituzten eta  horietako batzuk kereila jarri zuten Iruñeko epaitegian.
Eta, azken berrien arabera, badirudi aurrera doala. Entzuna dudanez, Donostiako Udala iturri,  Euskal Gobernuak, Oroimen Institutuak eta Udalek Aranzadi Elkarteari agindu diotela 1936-1945 bitarteko garai hura aztertzeko. Horretarako badirudi bulegoa irekiko dutela testigantzak jasotzeko. Dirudienez, herrietara zabaldu nahi dute nahiz eta herri batzuk lan hori egina duten. Jakina, nik ongi deritzot 1936-45 bitartea aztertzea baina horrek jarraipen bat eskatzen du, diktadurako biktimak eta gaur arteainokoak  asko eta asko direlako. Horiek ere memoria, justizia, erreparazioa eta errekonozimendua behar dute. 
Ez al gara hankamotz geratuko? Lotsagarria litzateke.

Iruzkina Idatzi

Captcha image