2017-06-02

Etxea bizkarrean... eta ibili Giroan

Maiatzak 26, Urnieta. Goizeko 09.30ak. Seat Alhambra aparkatu dugu. Lau bizikleta, 8 gurpil, dozena bat poltsa, ez dakit zenbat gauza gehiago, zerrikeria nonahi... 'Nondik zatozte?' ezagun batek? "Italiako Girotik, Dolomitetatik". 

Erantzuna: 'Eeeeeeh?'. Aurpegia zimurrez betea dugu, begi-zuloak beldurtzeko modukoak... 16 orduko bidaia nekosoa bukatu da. 1.564 kilometro Canazeitik, Italiako ipar-ekialdeko mugatik. Non-stop, zeozer jan, edan eta depositoa betetzeko izan ezik. Etxeko ohea zain, eta komuna, eta dutxa... eta 'hurrengo urtean berriz ezta?'.
Erantzunik ez. Baina eztabaida egon, egongo da. Italiako Giroak harrapatu egiten zaituelako. Ez dago lasterketa hark eskaintzen duen menua parekatuko duen beste lasterketarik munduan: mendate garaiak, gogorrak, tontor eta gailur ikusgarriak, Heidi, aitona, Laino eta Pedro bizi ziren parajeak zure begien aurrean... eta txirrindulariak egurrean. Eta zikloturistok iskiotibialak sutan, eta bihotza bere tokitik atera beharrean. Italiako tiffosi-ak Jovanottirekin dantzan, eztarria freskatzen, elurraren zuriak inguratuta. Euskaldunen ikurrinak airean, Michele Scarponiren pankartak bazterretan, Marco Pantaniren pintadak asfaltoan, Vincenzo Nibali squallo-aren flotagailuak tornante-etan, Omar Fraile eta Mikel Landa hegan Stelvion. Peio Bilbao euskal zaletuekin jolasean Umbrail Pass-en... eta Stelvion behera, bihurguneari bihurgunea, tunelari zoru hezea, 80 kilometro orduko abiaduran ordu erdian Bormioko Albergo Sileno hoteleko goxotasuna.
Bormiotik Canazeira. Bolzano, Wolkenstein-Val Gardena, Passo Sella, Passo Pordoi... Batzuk gehiago sufritu dute astoaren gainean (edo gozatu), besteok gutxiago sufritu. “Cacaito Garcia Melero”k lau egunetan egindakoari erreparatu, sufritu edo gozatu duen erabakitzeko: Passo Gavia, Passo Stelvio bi aldiz Suitzako kafetegi batean kafea eta opil bategatik 10 euro ordaindu ostean, Mortirolo, Marmolada, Passo Sella eta Passo Pordoi. Zazpi mendatetzar, guztiak 2.000 metrotik gorakoak Mortirolo izan ezik. Mortirolo, munduko mendate tenteenetakoa! Alboan izan ditu “Asier Stybar”, gurpil jarraitzaile finetan finena, “Jarlinson Goenaga Pantano” kakalardoa, eta “Jan Urbix” ipurtaundia.
6 egun, 3.500 kilometro, dozena erdi bat mendate, anekdota piloa... Alpeak, Dolomitak. Bi gurpilen pasioa. Iritsiko da urria. Iritsiko da 101. Giroko ibilbidea jakinarazten duten eguna. Eta tartetxo batez, hegan egingo dugu.  

Iruzkina Idatzi

Captcha image