2016-12-30

Gabonetan badira aulki deserosoak!

Ezin ukatuko dut gustatzen zaizkidala Gabonetan kalean zintzilik ipintzen dituzten argiak. Beti sorrarazi izan didate sentimen bero bat, oroimin puntu bat. Senitartekoak laster batzeko ilusioa ekartzen dit, eta inguruan dauden mamuek argiztatzen dituztela edo iruditzen zait. Baina egun hauetan Gabonetako argiei begiratzean, kontzientzia hozkadaka dudala nabaritzen dut.

Izan ere, urteak amaitu behar duen horretan badut ohitura aspalditik ditudan lagun minekin elkartzeko; urte berri bati hasiera ematen diogunez, zoriona eta zorte ona opatzeko. Adiskidetasunak, ordea, badu askotan bizitza ziztatzeko joera. Elkar topatu orduko, lehen hitz hotzetan, ahots tonu serio eta apalean “medikuak esan dit minbizia dudala” lagunak esaten dizunean, ez duzu espero, ez duzu entzun nahi. Eta zartakoa, nahigabea, bihotz erdiraino sartzen zaizu!
Zoritxarrez, minbizia lehen baino gehiago eta nahi baino gehiago darabilgu inguruan. Konturatzerako, geroz eta gertuago sentitzen dugu! Ia etxe guztietan dago pasatu duen edo une honetan bizitzen ari den norbait. Eta jakin badakit, daramagun martxan, ohartu orduko baimenik eskatu gabe etxean ate joka izango dudala.
Bizitzan jasaten diren kolpeak askotarikoak dira, eta horrelako berri batek kontzientzia astintzen dizu, nahi ala ez! Urte hondarrean eta horrelakoetan akordatzen gara, berriz ere, datorren urtea ez dela denontzat berdina izango.
Badira, urte zaharra agurtu eta berria hasteko unean, lau urteko alaba zainketa intentsiboetako unitatean izango dutenak, badira betiko laguna ikusi ahal izateko milaka kilometrotako joan-etorrian izango direnak, heriotzaren ondorioz aita ondoan izango ez dutenak edo, langabeziaren eraginez, semea Estatu Batuetan dutenak, Alzheimerrak jota amona zahar-etxean utzi behar izan dutenak eta, gurean ohikoak diren politika kontuak direla-eta, etxe barruko liskarrengatik elkartu ere egingo ez diren senitartekoak. Horixe da aulki hutsaren sindromea! Hau da, arrazoi ezberdinengandik mahaian ondoan falta duzun pertsona maite baten hutsunearen atsekabea.
Kalera begiratuta, ostera, badirudi urte berria betiko mezuekin datorrela; kontsumismoaren itzal eskergarekin eta egunak topera bizi behar direlako irudipenarekin: Hori da hori kulero gorriak jantzi, xanpain basoan eraztun bat sartuta edan, azalik eta pipitarik gabeko 12 mahats jan, kalean suziriak jaurti eta kotilioietan azken temazoak dantzatuz hasi beharra! Bada egun hauek Maldivasen marrazoen artean bainua hartzen igaroko dituenik ere. Nahiz eta Gabonen aitzakian denetarik kabitu, badirudi bizi ditugun garaiotan luxuzko eta plazerez betetako bizitza bat erakustea dela joera nagusia. Hau da, hobe dela kanpaikaden orduan Espainiako Telebistako Cristina Pedrocheren soineko gardenarekin “trending topic”-ak egiten ibiltzea, giza baldintzen egoerari erreparatu baino. Gaur egungo Homo consumus-en urtea hasteko modua!
Nahiz eta askotan beste irudi bat eman nahi den, argi daukat kaleko zalaparta horretaz gain bestelako Gabonak ere badirela. Eta gauzak soberan ez dauden garai hauetan, iluntasunari errazago egiten diogu aurre, normalean ikusi nahi ez ditugun hainbat bidegabekeria argipean jarriz.
Gogoeta honen ondorioz, erabaki dut kanpaikadak whatsapp bat bidaliz hasiko ditudala! Azkenaldian ospitaleko aulki deserosoan, begi lehor eta azal zuriz, alabari begira denbora asko pasatzen duen lagunari urte hobea desiratuko diot. Urtea amaitzera doan honetan, sufrimenduak eta une latzak errenkadan igaro dituzten horien irakaspena datorkit burura; maiz esaten baitidate: “ospatu bizitza, Iyuya!”
Ahal dudan neurrian horretan saiatuko naiz, urte amaierarekin, ziklo bat itxi eta berria zabaltzen saiatu behar omen gara-eta. Egunerokoan bete-betean murgilduta egon baino, maite ditudanekin egon eta alboan dudanari laguntzen saiatuko naiz. Dagokidan aulkian eseri, eta mahi buelta argitzen saiatuko naiz! Urte berri on denoi!

Iruzkina Idatzi

Captcha image

Gizarte Hezitzailea eta Gizarte/Kultur Antropologian lizentziatua

Iritzi emaile gehiago