ESKUALDEA 2018-11-22 11:01

V. Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa

Beñat Mateos eta Haritz Mujika gazte asteasuarrak V. Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketan sarituak izan dira.

V. Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa

Bertsolaritzaren historia luzean, sortzailerik bikainenetariko bat izan da Pello Mari Otaño Barriola, bertso-paper lehiaketako esku liburuak dioen moduan. “Amuriza etorri arte, beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan”, Juan Mari Lekuonaren aburuz.

Haren oroimenean egiten da Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketa eta jadanik bosgarren ediziora iritsi da sariketa.

Bertso-paper lehiaketa

Pello Mari Otaño bertso-paper lehiaketak bere bosgarren edizioko irabazleak saritu zituen pasaden larunbatean Zizurkilgo Iriarte kultur etxean. Harituz Tolosaldeko Bertsozale Taldea eta Zizurkilgo Teodoro Hernandorena Kultura Elkartea dira sariketako antolatzaileak eta aurten berrikuntza moduan, sari banaketa bertso afaritik atera, eta modu formalagoan egitea erabaki dute.

Hau horrela, irabazle, bertsozale eta irabazleen gertukoenez bete zen kultur aretoa. Bertara gerturatutakoek, gaztetxoen (15 urtera arte), gazteen (15-18 urte bitartekoak) eta helduen (18 urtetik aurrera) bertso-paper hoberenak entzun eta kantatzeko tartea ere izan zuten. Epaimahaiak gainera, aurtengo edizioan aurkeztu diren lanen kalitatea azpimarratu nahi izan du. Neurri, gai eta estilo ezberdinetako lanak jaso baitituzte eta beraientzat maila bakoitzean bi bertso sorta bereiztea lan zaila izan dela ere azpimarratu nahi izan dute. Irabazleen artean, gai ezberdinetako bertsoaldiak aurki ditzakegu; bulimia, helduen sexurako grina, Euskaraldia eta futbola, besteak beste.

Bi asteasuar sarituen artean

Sei izan dira bertso-sorta sarituak eta horietatik bi, asteasuarrek sortuak. Gaztetxoen mailan, Beñat Mateos Zeberio izan da “Futbola ekonomia bilakatu da” izenpean bertso-paperen bigarren saria irabazi duena. Epaimahaiaren hitzetan, “bertsoetan ematen duen mezuagatik eta sortari ematen dion egitura egokiagatik”.

Helduen mailan, Haritz Mujika izan da txapela jantzi duena “Sex-usariyuak” bertso sortagatik. Epaimahaiaren hitzetan gainera, “gaiaren aukeraketan izan duen originaltasunagatik, hura tratatzeko erabili duen umore finagatik eta deskribatzaileagatik, eta erabili dituen esamoldeen egokitasuna eta dotoreziagatik. Baita bertsoak puntuz-puntu osatzeko erabili duen modu naturalagatik ere” hautatu dute Mujika txapeldun.

Mikaela Elizegiren esaldiaren baitan

Haritz, urtero saiatzen da sariketan parte hartzen. Aurten sorkuntza prozesuaren hasieran zahartzaroaren inguruan idaztea pentsatu zuen baina ideiak zehazten joan ahala, Mikaela Elizegik zuen esaldi famatu bat hizpide hartzea erabaki zuen asteasuarrak. “90 bat urte zituela, sexurako grina noiz joaten den galdetu zioten, eta berak zaharragoa den bati galdetzeko erantzun zion, berak oraindik ez zuela galdu eta”. Behin abiapuntua bilatuta, bertsoak idazteari ekin zion. Haritzen hitzetan, “bertsoak neurri errazean egitea erabaki nuen, hamarreko txikian alegia. Sinplea neurri aldetik, baina bertso doinu eskertua loturak egiterako garaian”.

Bestalde, Haritzek, helduen mailan jasotzen duen lehen saria dela aipatu du eta honek sorrarazi dion pozaren berri ere eman du. “Sekulako poza hartu nuen, aspaldian bertsorik idatzi gabea nintzen eta helduen sariketa batean lehen postua lortzen dudan lehen aldia da hau”. Bera bat-batekoan aritzen da normalean eta horrek bertso idatzietan konfiantza pixka bat galtzera eraman badu ere, gustura geratu da bertso-paper hauetan lortu duen biribiltasunarekin. “Azken aldian aurkeztutako lehiaketetan, ez nuen gustora geratutako sortarik aurkeztu eta egia esan, bertso sorta hau lotura aldetik osoagoa geratu zaidala sentitu dut. Bertso mordo bat da, eta ondo etorri zait, gehienezko kopururik ez egotea”.

Saria etxetik gertu irabaztearen xarma

Gainera, saria etxetik gertu irabazi izanak beste xarma baduela ere aipatu digu Haritzek. “Sekulako poza hartu dut, gehienbat etxetik gertu delako. Egia da kanpoan zerbait irabazteak ere poz handia ematen duela, baina bertso eskolarekin ere hemen elkartzen garenez, badu esanahi berezia”.  Garaipena konfiantza berreskuratzeko erabiliko duela aipatu du asteasuarrak, eta baita bertso-sortak idazten jarraitzeko motibazio modura ere.

 

HELDUEN MAILA
Lehen saria: Sex-usariyuak. Doinua: Esnesaltzailearena

Haritz Mujika Lasa

1.
Kaixo senar maitia,
aurren aurrenian, (bis)
nahiz lehen erritan hasten
nintzan geyenian.
Faltan botatzen zaittut
faltan zaudenian,
ta preokupaziyo bat
badet barrenian:
Zer moduz bizi da bat
hil ondorenian?

2.
Baietz ehun urte bizi!
Zure apustua. (bis)
Ondo diferentia
izan zan juzkua.
Gorputza geldittu zen
animaz hustua,
sustuan soilik etzan
geratu sustua.
Nahi ordurako
etzait pasa disgustua.

3.
Ta behin pasa ostian
tristura ta miñak, (bis)
berriz ere hartu nau
bizitzeko griñak.
Nahiz ta orain kontuak
ez diran berdiñak...
Berpizten naute lehengo
une atsegiñak,
mantapian gordeta
zurekin egiñak.

4.
Estreinekoz jartzian
alkarri begira (bis) 
sobran gendun asmua,
naya ta desira. 
Laztan batek bestiai 
emanaz segira,
izugarriya etzan
izan baña tira, 
gero okerraguak
ere izan dira.

5.
Gela xahar bat, paretan,
gurutze ta guzi (bis) 
Lehenbiziko aldi hark 
iraun zuen gutxi. 
Gero isiltasuna
izan zan nagusi
ta nahiz biyok begira
geratu Jesusi 
gaizki sentiarazten 
ez geniyon utzi.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

6.
Izan’e fedia zan 
gauza seriyua (bis) 
Jauna danean dago
komentariyua. 
Gure egin genuen
sex-usariyua: 
zure bihatz artian 
nere jariyua 
ta nereen artian 
errosariyua.


7.
Ai ikusi bagintu 
gure ama difuntak (bis)
igurtzitzen alkarren 
gorputzaren juntak! 
Ohi gañeko lanparak 
nolako kulunkak 
arnas hotsak bihurtu 
artian zurrunkak. 
Oroitzian gogortzen 
zaizkit titi puntak...

8.
Zenbat beroaldi ta 
zenbat kalentura… (bis)
Hura dena buruak 
nola atzendu ba? 
Nahiz bizitza hurbiltzen
ari abendura, 
gorputza iristen zen 
irakin puntura.  Nolanahikua ezta 
izan abentura.

9.
Ta eguna moztian 
ze gau oparuak. (bis) 
Bizi-poza ematen 
zidan azaruak. 
Ta nahiz pasa urtiak, 
erre urtaruak 
beti hobiak ziran 
zetozen aruak. 
Sexu grinik etzigun 
kendu zahartzaruak.

10.
Nahiz sasoya dan beheruntz
doan ur-lasterra (bis) 
zahartzian hartu degu 
sorpresa ederra. 
Sexua gaztea da 
esaldi okerra. 
Guri hark eman zigun 
gatza ta piperra, 
plazerrak dardara ta 
dardarak plazerra.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

11.
Bi astez behin egitiak
bazuen graziya. (bis) 
Hori zen mantentzeko
gure jinasiya. 
Behin hasita gero’re 
dohai eskasiya, 
hau izaten zan beti 
gure fantasiya: 
batera bukatzia 
batera hasiya.
 

12.
Kuarto barruan egin 
genuen gaupasik, (bis)
festako etzan hura 
bezelako plazik. 
Danak goguan ditut 
Jainkuari grazik 
Nahiz bi urte badiran 
juan ziñala kasik, 
geroztik etzait hola 
mudatu arnasik.

13.
Halare naiz sasoyan 
dagon aguria: (bis) 
pentsamenduz lizuna, 
haragiz guria. 
Ta hau da egiya, ez naiz
persona zuria: 
Harreman aberatsa 
nahiz izan guria, 
etzenidan betiko
kendu azkuria.

14.
Beraz, nola asetu 
horren egarriya (bis) 
gorputza banun gerra
eskian jarriya? 
Zera, zerekin ote 
ordezkagarriya? 
Ezpazan’e zu bezain 
erakargarriya, 
bihar nuen zerbatte 
kontsolagarriya.

15.
Denda bat bixitatu 
nuen, alajaña, (bis) 
ta aukeran zauden milla
forma ta tamaña. 
Rosa bat hartu nuen 
luzeraz ertaña. 
Beraz, iguala ezta 
antza badu baña… 
Baliyo dit gorputza 
alaitzeko aña.

16.
Erosi nuanetik
gañian ze zama… (bis)
Aitortuta ze pake 
sentitzen dedana. 
Ta behin repasatuta 
biyon iragana, 
lasai utziko zattut 
berriro, laztana. 
Espero det zeozer 
mugittu izana.


 

GAZTETXOEN MAILA
Bigarren Saria: Futbola ekonomia bilakatu da
Doinua: Pello Joxepe

Beñat Mateos Zeberio

1.
Munduan jainko bihurtu dira
Cristiano ta Icardi
asteburutan jendea dago
begira telebistari
ume guztiek izan nahi dute
handitzean futbolari
baloia ostikoz jotzeagatik
lortzen da diru ugari.

2.
Jende gehienak iten du zortzi
ordu egunean lana
mila eurokin ordaindu behar
ura, gasa eta jana
futbolariek erdia eginda
dute sekulako fama
ta nahi dute guk futbola ikusten
gastatzea diru dana.

3.
Udaran zehar zenbat fitxaje
eta zenbat txeke kolpe
ta bitartean pertsona asko
goseak hiltzen, arlote
futbolariek euren etxean
urrezko mila lingote
milioi horiek banatu ezkero
pobrezirik ez legoke.

Iruzkina Idatzi

Captcha image