ESKUALDEA 2018-07-07 08:14
50 urte baino gehiago duten etxebizitzek pasa behar dute ikuskaritza teknikoa. Azterketa egin ondoren, eraikinaren kontserbazio egoera jasotzen du txostenak.
Legea
EAEko Lurzoru eta Hirigintza 2/2006 Legeak agintzen du 50 urtetik gorako eraikinen jabeek 10 urtean behin ITEa enkargatzeko.
Eskatu
Eraikinaren jabeak edo bizilagun komunitateko presidenteak enkargatu behar dio ITEa horretarako kalifikatuta dagoen arkitekto edo aparejadore bati.
Prozesua
Galdetegi bat bete beharko dute bizilagunek. Gero, etxebizitzak begiz aztertuko ditu teknikariak.
Txostena
Topatu dituen arazoak txosten batean zehaztu eta, kasuan kasu, konpontzeko proiektua egiteko epea zehaztuko du teknikariak. Informe hori Udalak eta Jaurlaritzak ere izango dute.
50 urtetik gorako baserri eta etxe bakarrek ere EITa pasa beharra daukate. Baldintza bereziak dituzte ordea, epeari dagokionez. Eraikinaren fatxadak bide edo gune publiko batera ematen ez duenean, Udal bakoitzak finkatuko du baserri edo etxe horrek noizko pasa behar duen EITa. www.euskoregite.eus gunean egin daiteke kontsulta.
Etxebizitzaren egoera orokorra eta kontserbazio egoera aztertzen ditu Eraikinen Ikuskaritza Teknikoak (EIT). Gaztelerazko ITE letrekin ere ezaguna da eraikinei egin beharreko azterketa hori. Begiz egindako azterketa izan ohi da, normalean inolako zundaketarik eskatzen ez duena.
Baimen berezia eta ziurtagiria duen teknikari bat etxebizitzara gerturatzen da, eta haren egoera orokorra begiratzen du, ondoren dagokion txostena betetzeko. Arkitektoek, arkitekto teknikoek edo aparejadoreek izaten dute EITa egin ahal izateko zertifikatua. Haiek osatutako txostena udaletxera eramaten da, bai paperean inprimatuta, baita modu digitalean ere.
Azterketaren jomugak
Lau gune aztertzen ditu bereziki; etxebizitzaren egitura, fatxadaren egoera, etxebizitzaren estalki edo teilatua eta ur sare komunak. Ur sareari dagokionez, bi arlo hartzen ditu kontuan; ur zikinen irteera edo saneamendua, eta ur hornidura.
EIT-ak lau gune horietan egon daitezkeen arazoak identifikatzen ditu, eta konponketak egiteko oinarriak ere ezartzen ditu, etorkizunean arazo handiagoak sor ez daitezen. Pitzadurarik, hezetasunik, elementuen erorketarik edota deformaziorik ba ote dagoen begiratzen dute teknikariek, batez ere.
Mende erdiko etxebizitzak
Legeak dionaren arabera, 50 urte baino gehiago dituzten etxebizitza guztiek aurkeztu behar dute Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT). Gipuzkoan, etxebizitzen %31 da adin horretatik gorakoa, Euskal erkidegoko proportziorik altuena da horixe. 2006ko Lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 legeak arautzen du etxeak eta eraikinak aldizka ikuskatzea. Geroztik, dekretu ezberdinen bidez arautu dute.
Dirulaguntzak eskatzeko
Horiez gain, ordea, badago EIT egitera derrigortuta dagoen beste eraikin talde bat ere; zaharberritzeko, energiaren eraginkortasunerako edota irisgarritasunerako laguntza publikoak eskatzen dituzten eraikinak hain zuzen ere, nahiz eta 50 urte baino gutxiago izan, edota bizileku gisa erabiliak ez izan.
Aurrekontu ezberdinak
Aurrez aipatu bezala, gaitutako langile teknikoek egiten dute ikuskaritza, eta ez du prezio finko ofizialik. Kostua, profesional bakoitzak ezarritakoa izango da. Aukeraketarako askatasuna dagoenez, komenigarria da aurrekontu bat baino gehiago eskatzea, norberaren intereserako egokiena den eskaintza aukeratu ahal izateko.
Norberari dagokion udaletxean aurkeztu behar da txostena, hark Eusko Jaurlaritzara bidal dezan. Berez, 2018ko ekainaren 27an amaitu zen Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa egiteko epea, baina asko dira oraindik ere Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa (EIT) pasa ez duten eraikinak. Kasu horietan, Udalak subsidiarioki egin dezake EITa, eta baita beharrezkoak izan daitezken konponketak ere. Lan horiek Udalak egin ondoren, etxebizitza jabeari edo jabeen erkidegoari bidal diezaioke faktura, zenbatekoa ordain dezan. Momentuz, eskualdeko Udalek ez dute neurri hori hartu, baina hala jasotzen du legeak.
Konponketak eta epeak
EIT egitera etorri den teknikariak eraikinaren egoeran arazoren bat dagoela antzematen badu, konponketak egiteko epe ezberdinak ezartzen ditu legeak, arazoaren larritasunaren arabera:
1. gradua. Berehalakoa. Pertsonentzako arriskua antzematen denean, 24 ordu baino lehen hustu beharko da eraikina.
2. gradua. Oso premiazko egoera. Epe ertainean pertsonentzako arriskua eragin dezakeen kalte garrantzitsua dago. Hiru hilabete baino lehen konpondu behar da arazoa.
3. gradua. Premiazko egoera. Eraikinean kalteak eragin ditzaketen gabeziak antzeman dira. Urtebeteko epea dago konponketak egiteko
4. gradua. Epe ertainean beharrezkoa den jarduketa. Sistema osoan eraginik ez duten, baina larriagotzen joan daitezkeen akatsak. Urtebete baino gehiago atzeratu daiteke konponketa.
5. gradua. Mantentze lanak. Ez da arazorik antzeman, edo mantetze-lan egokiekin konpondu daitezkeen arazoak bakarrik antzeman dira.
Egin beharreko konponketak egin ondoren, Konponketaren ziurtagiria aurkeztu beharko da Udalean.
Iraupena
Hamar urteko iraupena du EIT azterketak. Etxebizitza batek, beraz, berrogeita hamar urte betetakoan pasako luke lehen azterketa, eta hortik aurrera, hamar urtean behin berritu beharko luke. Herrietako eraikin ondarearen mantenimendu ona bermatzea da maiztasun horren helburua.
Eskualdeko herrietan
Eskualdean, hamarnaka batzuk dira EIT azterketa 2018ko ekainaren 27a baino lehen egitera derrigortuta zeudenak. Adunan, esaterako, 21 eraikinek zuten betebehar hori. Amasa-Villabonan 103 eraikin zegoen zerrenda berean. Andoainen, 212 etxebizitza zegoen 50 urtetik gorako adinarekin. Asteasun, 93 ziren EITa egitera derrigortutakoak, Larraulen 24, eta Zizurkilen 104 etxebizitza. Horietatik guztietatik, laurdenak egin du ikuskaritza, gutxi gora behera. Udal bakoitzean badute ikuskaritza egiteko betebeharra duten eraikinen inguruko informazioa.
Informazioa
Etxebizitza jabe guztiek modu errezean jakin dezakete EIT egitera derrigortuta ote dauden edo ez, baita noizko egin beharko luketen ere. Internet sarean, www.euskoregite.com/eu edo www.euskadi.net/eit webguneetan jasoa dago informazio hori eta oso modu errazean egin daiteke bilaketa, etxearen helbidea jarrita. Horrez gain, bertan azaltzen da EIT zer den edota zein pauso eman behar den.
Loatzo Musika Eskola Kataluniara joan da elkartrukean
Loatzoko piano ikasleak Andoaingo Piano Jaialdian hartuko dute parte
Abian da ‘Blogetan!’ lehiaketaren hirugarren edizioa
Korrikaren arropa salgai Tolosako Galtzaundin
Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna iragartzeko dendetako erakusleihoak apaindu dituzte
Garraioarekin arazo ugari sortzen ari dira
Herriko ostatuak betetzen dituen zukua
Santa Ageda bezpera ate joka dator
Bizitzarekiko ikuspegia aldatu zion bidaia-sorta
100 familia behar dira udan haur errefuxiatu sahararrak harreran hartzeko