ESKUALDEA 2018-04-16 11:14

Presoen eskubideen aldeko aldarria

Euskal presoen eskubideen aldeko ekitaldi ezberdinak izango dira datorren astean. Apirilaren 21ean, manifestazio deialdia egin dute Bilbon.

Oinarrizko eskubideen aldeko aldarria egiteko deia luzatu dute

Herritarrei, egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu nahi diegu. Presioa egiteko daukagun
modua horixe da

Geroz eta adin handiagoko presoak daude. Kolektiboaren erradiografia aldatzen ari da eta horrek larritasuna ekarriko du

Kalera kalera

Apirilak 16, astelehena

Hitzaldia, Antxon Lopez (Kubati) eta Jokin Urain (Kixkur). Preso politikoen duten barne eztabaidaren inguruko berri emango dute.

Tolosako kultur etxean, 19:30.

Apirilak 17, asteartea.

Nazioarteko preso politikoen eguna, ekitaldi politikoa Galdakaon.

Apirilak 17-18-19-20

Herri guztietan ekimenak.

Apirilak 21, larunbata

Manifestazio nazionala Bilboko La Kasillatik abiatuta, 17:30. Autobusean joateko zerrendak ohiko tokietan jarriko dituzte.

Ainhoa Zabalak eta Pello Zelarainek ondo dakite zer den etxeko norbait preso izatea. Axier Oiartzabalen bikotea da Ainhoa, Oscar Zelarainen aita da Pello. Pellok berak ere ondotxo daki, gainera, zer den preso egotea; 15 urte egin zituen espetxean.

Axier Oiartzabal andoaindarrak 16 urte eta erdi daramatza preso, Frantziako espetxe ezberdinetan. Epaiketa aurreko espetxealdia bereziki gogorra izaten da estatu frantziarrean, eta halaxe izan zen Oiartzabalen kasuan ere. Ainhoak azaldu duenez, “Paris inguruko espetxe ezberdinetan egon zen, egoera kaskarrean. Kanpokoekin harremanak oso-oso murriztuta zituen. Telefono deirik ezik zuen egin, bisarik ere ez dago Frantzian eta eskutitzak ere oso murriztuta zituen…, Garai hartan, beraz, bisitak ziren kanpokoekin harremana izateko aukera bakarra. Le Vert epaileak, ordea, ez zion bisitarik jasotzeko baimenik eman bost urtetan. Horren ondorioz, bost urte horietan izan zituen bisita bakarrak etxeko senide hurbilekoenek egindakoak izan ziren: gurasoak, anaia eta koinata. Desgaste fisiko, ekonomiko eta emozional ikaragarria eragiten du egoera horrek”.

Zigorra betetzea

Bisitak hain murriztuta izateak, presoari ez dio uzten kanpoko egoera zein den ezagutzen. “Etxekoen berri izaten du, baina ezin du jakin bere inguruko beste hainbat jende nola dagoen. Kanpoko errealitatearen berri zabala izatea asko zailtzen da”, azaldu du Ainhoak. Epaiketaren ondoren, egoera garratz hori pixka bat hobetu zen Axierrentzat: “Zigorra betetzeko espetxealdira pasatakoan, egoera aldatzen hasi zen. Moulinseko espetxean zegoela, lagunen bisitak jasotzeko aukera eman zioten. Bi lagunen bisitak baimendu zizkioten hasieran, beste hiru gehitu zizkioten aurrerago. Orduan hasi nintzen Axierri bisitak egiten”.

Urruntzea

Bi urte eta erdi Moulinsen egin ondoren, espetxez aldatu zuten, “urrunago, nola ez. Clairvaux-eko espetxean egindako urte horiek izan ziren zailenak guretzat. Andoaindik 1000 kilometrora dago Clairvaux eta hara iristeko bidaia ez da batere erraza. Tren bat baino gehiago, autobusa…, bidaia konplikatuak ziren”, azaldu du Ainhoak.

Frantziako estatuan, epaileak jarritako zigorra betetzen ari diren presoen bizibaldintzak “nahiko onak dira, estatu espainiarrekoarekin alderatuta. Bisitak, telefono dei luzeak, kideekin egoteko aukera handia… Prebentibotako egoera oso gogorra den bezala, kunplimenduan bizibaldintzak xamurtu egiten dira”.

Alabaren jaiotza

Axier Clairvaux-eko espetxean zegoela jaio zen Ihintza, Ainhoa eta bien alaba. “Senideen egoera da barruan daudenen kezka nagusia eta Ihintza jaio zenean, hareagotu egin zen sentimentu hori. Umeak 20 egun zituela egin genuen lehen bidaia. Espetxean hiruok elkartzea oso polita da eta kolore grisak desagertu egiten dira, baina, aldi berean oso zaila da”.

Adinekoen kasua

Bisitak egiteko kilometro asko egiten dituzten umeak hartu ditu gogoan Ainhoak, baina errepideetan adineko jende asko dabilela ere azpimarratu nahi izan du. “Adinean aurrera doan jendeak kilometro asko egiten du astero-astero, bisitak egiteko”.

Clairvauxen zenbait urte egin ondoren, Saint Maur-eko espetxera aldatu zuten Axier. “Etxetik 600 kilometrora dago Sait Maur, eta ikaragarrizko berri ona balitz bezala ospatu genuen hara aldatuko zutela esan zigutenean. Onerako den edozein aldaketa ikaragarria iruditzen zaigu. Gauzak bere onera etorrita, konturatzen zara etxetik 600 kilometrora dagoela oraindik ere eta egoera ez dela askorik aldatu: dispertsatuta jarraitzen dutela eta betiko kezkek bertan jarraitzen dutela”, azaldu du Ainhoak.

Gerturatuko duten presoetakoa da Axier Oiartzabal andoaindarra. “Lannemezaneko espetxera ekarriko dute, etxetik 200 kilometrora. Bere kideak dagoeneko mugitu dituzte, eta zain dago Asier. Osasuntsu eta indartsu mantentzea da orain bere helburu nagusia”.

Gizartearen indarra

Azken hilabeteotan presoen ingurun ematen ari diren pauso txiki horiek handiagoak izan daitezen, gizarteak egin beharreko lana azpimarratu du Ainhoak. “Presoek behin eta berriz esaten dute hori. Babestu egin behar ditugu eta haien eskubideen alde lanean jarraitu. Gizartearen lan hori gabe, presiorik gabe, ez da aldaketarik etorriko. Herria beti izan da gakoa eta orain ere hala da. Presoek eta haien senideek gizartearen babesa behar dute. Orain arte babes hori sentitu dugu; Axierri, esaterako, ez zaio falta izan bisitarik 16 urte hauetan. Asteburu guztietan, jendeak bere denbora eta dirua erabiltzen du bisita horiek egiteko. Erraz esaten da…”.

Zelaraindarrak

Oscar Zelarain preso billabonatarraren aita da Pello Zelarain. “Frantzian atxilotu zuten Oscar eta Ainhoak azaldutako egoera beretsua bizi izan zuen bertan. Epaitua izan aurreko egoera oso gogorra izan zen. Fleuryn eduki zuten, bisitarik gabe eta baldintza gogorretan. Epaitu ondoren erabat aldatu zen egoera hori. Ille de Ré-n egin zuen lehen egonaldia eta, aldaketa, erabatekoa izan zen”.

Zortzi urteko zigorra ezarri zioten Oscarri Frantzian, baina bost urte bete zituenean, Espainiara ekarri zuten. “Aldi baterako entrega eginda, Espainiara ekarri zuten eta ia hiru urte egin zituen egoera horretan. Frantziako zigorra amaitu zen egoera hartan, eta ez zen hara itzuli”. Oscarrek ere alaba txikia du. “Ainhoak esan bezala, kanpoan dago Oscarren kezka nagusia. Etxekoak, bisitak…”.

Estatuko egoera

Azken hilabeteotan Frantzian ematen ari diren pauso txiki horiek ez dira antzematen Espainian eta hori azpimarratu nahi izan dute Pellok eta Ainhoak. “Espetxe barruan bizi den tentsioa ikaragarria da. Egia da espetxe guztiak ez direla berdinak eta tentsio hori handiagoa izaten dela batzuetan beste zenbaitetan baino”. Pellok gertutik ezagutu zuen Villenako espetxea, “nahiko espetxe lasaia zen. Beste batzuk oso gogorrak izaten dira. Funtzionarioen jarrerak zeresan handia izaten du horretan”.

Egoera larriak

Presoen adina hartu dute hizketagai Pellok eta Ainhoak: “Geroz eta adin handiagoko presoak daude. Epe luzera larritasun handiko arazoa da. Orain ere baditugu preso gaixoak, baina denbora aurrera, gehiago izango dira. Kolektiboaren erradiografia aldatzen ari da eta horrek larritasuna ekarriko du”. 60 urtetik gorako presoak geroz eta gehiago dira.

Mobilizazio beharra

Presoen eskubideen aldeko bidean, “gure txanda da. Beraiek egin dute dagoeneko, egin behar zutena. Orain guri egokitzen zaigu babestea eta mobilizatzea. Gaixo larriak etxeratzea, 70 urtetik gorakoak ateratzea, Euskal Herrira gerturatzea… aldarrakipen horietan indarra egin behar da. Ezinbesteko eskubide horiek aldarrikatu behar ditugu. Horiek lortuta, joango gara beste zenbait gauzetaz hitz egiten, baina lehendabizi, eskubide horien alde borrokatu behar dugu. Kolektiboa ari da gradu aldaketaren inguruko lanketa egiten. Izan ere, lehen gradutik bigarrenera igarotzeak, eskakizun gehiago egiteko aukera ematen die presoei. Presoak eskaera inbididualak egiten ari dira. Herritarrei, egiten diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatu nahi diegu. Presioa egiteko daukagun modua horixe da. Apirilaren 21eko manifestazioa ahalik eta jendetsuena izan dadila nahi genuke”, azpimarratu dute.

Iruzkina Idatzi

Captcha image