ESKUALDEA 2018-01-02 10:59

Urtarrilaren 4an jarriko dira salgai Bertso Egunerako sarrerak

Urtebeteko etenaren ostean, urtarrilaren 27an berrartuko du urteroko hitzordua Bertso Egunak. Iaz iragarri moduan, Donostiatik herrialde osora zabaltzeko apustuari helduko dio aurrerantzean eta hala Mungian izango da 2018an.

Urtarrilaren 27an izango da aurtengo Bertso Eguna Mungian.

Urte berriaren lehen egunekin jarriko dira salgai Bertso Egunerako sarrerak eta bazkarirako txartelak, BertsoZalea berripaperean bestela iragarri arren: urtarrilaren 4an izango dira eskuragai www.bertsosarrerak.eus atarian.

Iaz ez zen Bertso Egunik egin eta aurrerantzean ibiltaria izango zela iragarri genuen. Hala, Donostiatik irten eta herrialde osora zabalduko litzateke Bertso Eguna, eta 2018an Mungian ospatuko da. Egun osoko egitaraua osatzeko Mungiako Udalaren eta Taket Mungiako Bertsolari Alkartearen laguntza izan du Bertsozale Elkarteak.

Urtarrilaren 27 goizean, mahai-inguru musikatua izango da Mugire txokoan. Eguerdian, hiru bazkari paralelo eskainiko dira hiru elkarte gastronomikotan eta bakoitzean bina bertsolari ariko dira; bakoitzean 60-80 bazkaltiar izango dira. Arratsaldean, 19:00etan, izango da eguneko ekitaldi nagusia: Alaitz Rekondoren esanetara ariko dira Amets Arzallus, Manex Agirre, Sebastian Lizaso, Oihana Bartra eta Unai Iturriaga. Ez dira artista gonbidatuak faltako.

Egitarauaren inguruko xehetasun gehiago emango ditugu urtarrilean.

Atzera begiratuz, urte luzez Donostiako Udalak emandako laguntza eskertu nahi du Bertsozale Elkarteak.

Iruzkina Idatzi

Captcha image