ASTEASU 2018-01-12 12:53

Irigoyendarrak, sendagile familia

Gillermo Etxeberria asteasuarrak lanean darrai etengabe eta oraingoan, Ciriaco Irigoyen Arruti herritarraren arrastoei jarraiki, lan polita osatu du.

Ciriaco Irigoyen

Asteasuk, herri txikia izan arren, sarri eman ditu historian zehar pertsonaia ilustreak. Horren adibide jar ditzakegu hainbat eta hainbat arlotako pertsonaiak. Beste askoren artean, euskal idazleak, arkitekto eta harginak, eliztarrak, kirolariak eta abar. Baina, ez dugu inon topatu gaur arte bertan sendagile izanda ospea bereganatu duen pertsonaiarik. Horregatik sorpresa atsegina izan da azken egunetan topo egin dugun sendagile-mediku izandako familia bat artxiboetan topatu izana. Familia bateko bost seme mediku eta arreba, moja, Consolación. Bost mutil: Ciriaco Irigoyen Arruti, 1883. urtean jaioa, eta 1904an lizentziatua; Maria Sinforosa, 1886. urtean jaioa; Juan Pio, 1908an graduatua; Teodoro, 1913an graduatua; Juan, eta azkenik Doroteo, 1918an lizentziatua.

Bost semeak sendagile, eta arreba Sinforosa, moja, ‘Sor Consolación’, Andoaingo Ama Kandidak sortutako taldekoa: Jesusen Alabak (Hijas de Jesus), eta Tolosako egoitzan bizi izan zen garai batean.

 

Irigoyendarrak

Irigoien abizena, ez da ohikoa Asteasun, horregatik saiatu gara Seminarioko artxiboan arrastoa topatzen. Dirudienez, seme-alabak Asteasun jaio ziren, ‘Domingenea’ izeneko etxean. Aita ere sendagile, Juan Julian Irigoiyen Olasagarre, tolosarra zen, mediku-zirujaua, Maria Josefa Arruti Loinaz asteasuarrarekin ezkondua. Baina garai hartan, 1875. urte inguruan Alegiko sendagilea zen. Ez dakigu gure herriko sendagile ere izan ote zen, izan ere Asteasuko sendagile Vicente Eizagirre ageri da. Zail da Asteasun bi sendagile batera izatea. Baina bere seme-alabak, bai, asteasuarrak ziren.

Jakitea ona litzateke ea zein zen ‘Domingenea’ etxea, izan ere, bertan bizi izan baitzen familia. Dena den, artxiboetan sakonago begiratu behar da, Asteasun ez baita aspaldian Irigoien deiturarik azaltzen.

Ciriaco, sendagile

Anaien artean, eta guztien buru, ospe handia izan zuen anaia zaharrenak: Ciriaco Irigoyen Arrutik (1883). Bere bizitza luzea bezain oparoa izan zen. Ez dugu inongo herrian bere profesioa gauzatu zuenik irakurri, baina oso leku berezietan aritutakoa izan behar zuen, batik bat inbestigazio arloan eta hitzaldiak ematen. Eta, ez bakarrik Euskal Herrian edota Espainian, baita atzerrian ere.

Ciriaco 1904. urtean egin zen sendagile, 21 urterekin, eta bi urte geroago, hau da, 23 urterekin defenditu zuen bere tesi doktorala, Tendencia actual de la oncología maligna, Ramon y Cajal buru zuen tribunal baten aurrean. Goreneko nota eman zioten.

Hasieratik ospe handia jaso zuen Europan ere eta jadanik 1910. urtean lan famatu bat eman zuen argitara: Contribución al estudio clínico de la tuberculosis (1910), eta bere ospea goraka joan zen hurrengo urteetan Frantziako nazioarteko klinika eta terapeutika lehiaketan sari nagusia eskuratuaz.

 

Ikertzaile lanetan

Sarri gertatzen den moduan, hemen Euskal Herrian ez zuen fama handirik bereganatu, atzerrian eman zioten merezitako ospea bere etengabeko lan espezializatuengatik. Ugari dira bere lanak, horien artean honako hauek: Elementos de Higiene, El paneléctrico, ordura arteko teoria guztien gainetik bere teoria berritzaileak ezarriaz. Tamalez ezin esan ezertxo ere euskaraz argitaratu  zuenik. 1926. urtean bere profesioan egindako azterketak eta horiek emandako ospea zela eta Bartzelonara joan zen. Aitzindari kontsideratuta zegoen “erradiologia eta elektroterapia” arloetan. Liburu bat ere eman zuen argitara 1935ean gai horren gainean: Tratamiento del cáncer. Eta bertan pasa zituen 25 urte, hau da 1951 urtera arte ikertzaile moduan. Esan bezala, Euskal Herrira 1951. urtean itzuli bazen ere, ez dut haren geroko albisterik inon eskuratu. Familia honen ospea handiagoa egin zuen oraindik beste anaia batek, Teodorok. Dirudienez dentista zen eta horri buruz idatzi zuen: La electroanestésica en la práctica dental, 1916an. 

Iruzkina Idatzi

Captcha image