ANDOAIN 2018-12-06 08:04

Zesta-puntarekin eta sukaldearekin munduan zehar

Zesta-puntari esker mundua ondo ikusia daukala esan dezake Mikel Agirre Etxeberriak (Andoain, 1956). Donostian bizi da egun, eta pizza goxo askoak egiten dituen fama dauka.

Mikel Agirre Egiako Paparazzi pizzerian, Milango frontoiko pilotari taldearen irudia eskuan duela. Bera 18. zenbakiduna da.

Mundua, Euskal Herria, Andoain

Zertan lagundu dizu etxetik urrun ibili izanak?

Merezi izan du. Izugarri ikasi baitut maila pertsonalean, konparazio batera, nonahi eta edozein egoeratan zein den hartu behar den jokabidea. Ohitura ezberdinetako jendea, hizkuntzak, kultura, gizarteak, mentalitateak... ezagutzeak aberastu egiten du edonoren nortasuna. Denok bizi beharko genuke halako aldaketa geografiko eta pertsonala. Hori bai, etxera itzultzekotan. Sustraiak edukitzea eta horiek zeintzuk diren jakitea bezalakorik ez dago.   

Hizkuntzekin zer moduz moldatzen zara?

Gaztelania eta italierarekin, ondo. Ingelesa, erdipurdi daukat. Etxean ikasitako euskarak, berriz, balio dit hizketan aritzeko, baina asko galdu dudala iruditzen zait.
Pena ematen dit horrek.

Andoain ahaztuta al daukazu?

Ezta pentsatu ere! Ama –Flora Etxeberria– bisitatzera joaten naiz noizean behin, eta gaztetako kuadrilarekin ere ez dut galdu harremanik. Hori sakratua da.

Nolatan jo zizun zesta-puntak?

Ez da erraza ulertzen, ez. Izan ere Arrate pilotalekua ireki aurreko belaunaldiko kidea bainaiz. Bazkardo aldean, Toki Ona etxean bizi nintzen, eta han Luis eta Fernando Urbistondo anaiak lagun minak nituen. Urbistondo familiak bazeukan zesta-puntarako joera, haien anai zaharrena Ameriketara joana baitzen. Andoainen ez zegoen aparteko afiziorik, baina herriko beste bi gaztek ere, Artanok eta Alberdik, bide beretsua hartua zuten. Kontua da, pilota txiki-txikitatik nuela gogoko, eta Luis eta Fernandoren arrimuan zestoari heldu niola. Rafael Elizondo pilotari ohia genuen erakusle. La Salle ikastetxera joan aurretik, goizeko 08:00etan, Goikoplazako bere etxeko atea kax-kax jo, eta leihotik pilota botatzen zigun. Kontsejupean trebatzen gintuen hirurok.

Goikoplazako frontoi handian ez zineten aritzen?

Ezinezkoa zen lur lakar horretan, pilota hondatuta geratzen zen agudo. Gainera, asko gabe, pilotak harrika bota eta Kaletxikiko zuloan bukatzen zuten. Astean behin edo bitan Tolosako Beotibarren entrenatzen genuen. Luisek eta Fernandok, Markinan, uda partean egun batzuk igarotzen zituzten, baino nik ez nuen horretarako modurik edukitzen. Afizionatuen mailako GRAVN torneoan-eta parte hartuz, orduan edukitzen genuen aukera neurri egokiko frontoietan jokatzeko eta lehia zer zen jakiteko.

Zesta-puntarekin bizimodua atera zitekeela erabaki zenuen...

Gu ez ginen zesta-puntaren sehaskatzat hartzen ziren Gernika edo Markinako semeak, baina glamour edo ospe horrenik gabe ere, ikusi genuen hortik jotzeko modurik. 18 urterekin, debuta egiteko kontratua eskaini zidaten, eta elektrizista ogibidea utzi, eta Mallorkara abiatu nintzen. Urbistondotarrek Bartzelonarako bidea hartu zuten.

Bizitzeko leku polita eta lasaia izateaz gain, izugarri ikasi nuen ofizioa. Han, kiniela single estiloan jokatzen zen, eta buruz buru aritu behar izaten genuen, bikotearen laguntzarik gabe. Bakarrik, arriskuaren aurrean! Dena egin behar izaten da kantxan; lehenbizi, nola kolokatu frontisaren, ezker paretaren eta errebotearen artean. Horrela, postura guztietan trebatzen zara, airean, bote-korridon, errebesez...


Mikel Mallorkan, debutatu berritan. Zutik, Ostendi eta Mentxaka; makurtuta, Mikel eta Agirrezabal.  

Han urtebete eginda, Milaneko frontoirako sinatu nuen kontratua. Han nenbilela, soldaduskarako garaia etorri zitzaidan. Eta nora egokituko, eta Mallorkara! Kuartelean, okindegian jarri ninduten, nahiz eta nik tutik jakin ez nola egiten zen ogia. Egunean hogei mila ogi ateratzen ziren labeetatik, irlako militar eta guardia zibil guztientzat. Ondo lotua neukan eguna: gauez 07:00ak arte lanean, goiz-arratsaldez lo, eta ilunabarrean frontoira jokatzera. Azkenean, frontoia itxi egin zuten, publikorik ez zeukala-eta.      

Hurrengo urteetan, zesta-puntarekin jarraitu nuen, Italian Milan eta Napoleseko frontoietan eta Ameriketan Newportekoan (Rhode Island).

Zer moduzkoa zinen pilotari bezala?

Gorputzez eta indarrez ez nintzenez nabarmentzen, aurrelaria izan behar! Hori, bai, “alu” samarra nintzen jokoan; aukera txikiena ikusiz gero, zapla! Tantua haustera joaten nintzen, dejadak, horma-bikoak edo behar zirenak eginez. Apustuak tartean izanda, jakina, ezin ero moduan ibili. Burua hotz edukitzen saiatzen nintzen, eta aurrez aurre jartzen nituen nire dohainak eta aurkariaren ahultasunak.

Kirol zaila da zesta-punta, eta nik ez nion behar zitzaion dedikazioa eskaini gaztetan. Ez nintzen berezko dohainak dituen figura horietakoa; erdi mailakoa esango nuke. Baina bizitza honetan jakin behar izaten da norbera zer den eta zer ez, zaren horri ahalik eta etekinik handiena atera ahal izateko. Filosofia hori lagun nuela ibili nintzen frontoietan, eta baita munduan zeharko ibilaldietan ere.

Dirua aise irabazten omen zen zesta-puntarekin....

Bizimodua ateratzeko eta zeozer gehiago irabazi nuen, baina ez pentsa aberastu nintzenik! Aberatsa, ametsetan izan nintzen, horretan bai! “Ameriketara joango naiz, han hamabost bat urtez jokatuko dut, dirua egingo dut bizitzan errentetatik bizi ahal izateko...”.

Oso gazte laga zenuen zestoa...

Bizkarreko minak ez zidan bakean uzten; geroztik gaixotasun arraro bat diagnostikatu zidaten, espondilitis anquilosante deitzen dena, Xabier anaiak ere badaukana. Eta 24 urterekin, familia-ardurak irten zitzaizkidan bidera, semea jaiota. Orduan konturatu nintzen, segitzekotan, kontratu on batekin behar zuela izan, eta horretarako zenbait baldintza behar nituela bete: jokalari diztiratsua izan, osasuna... Ezinezkoa zenez, kito esan nuen. Macaon (Txina) jokatzeko eskaintza zain neukan orduan.

Zesta-puntatik gastronomiara.

Bizimodua nondik edo handik atera beharra zegoen, eta Andoainera etorri ginen emaztea, haurra edo hirurok. Arraindegia ireki nuen bertan, Kaletxikin. Denbora aurrera joan ahala, gauzak ez ziren behar bezala irten, eta maletak egin, eta ostera Milanera! Bagenekien inguru hartan jaten-eta ez zela pulamenduz ematen, eta jatetxea ireki genuen; gurekin hasi zen orain urte gutxi Milanen bertan hil zen Iñaki anaia ere. Espainiako sukaldearen etiketa zeukan gure jatetxeak, eta hamazazpi urtez eduki genuen irekita, arrakastatsuki. Baina ezin betikora lotuta bizi, eta hura saldu eta pizzeria ireki genuen, Milanetik gertu. Badirudi leku bakar batean erroak egiteko zailtasun hori seme-alabei itsatsi diedala, izan ere, bi seme-alabak nekeak jota zeudela esan, eta ihes egin zuten, batak Londonera eta besteak Californiara.

Orduan, emaztea eta biok elkarri begira jarri ginen, “eta guk, zer egin behar dugu orain? Goazen Euskal Herrira!” Horrela bada, orain zazpi urte Antiguan pizzeria ireki genuen. Orain ia lau urte, berriz, hura utzi eta Egian gauza bera egin genuen.   

Donostiako pizzarik onenak egiten omen dituzue...

Onenak ez dakit, baina goxoak direla, hori bezeroek ziurtatzen digute. Munduko ibiltarien iritziekin baliatzen den TripAdvisor web orriak, adibidez, gurea gomendatu du azken hiru urtetan. Familiako lauok gabiltza bertan lanean, eta bost motozale dauzkagu enkarguak Donostiako etxeetara ez ezik baita Donostialdeko herrietara ere banatzeko.

Ondo doakigu negozioa, eta ez naiz kexatuko. Egia esan, poza eta lasaitasuna topatu dut Egian. Nortasuna daukan auzoa da Egia, euskalduna, kale-bizitza daukana. Bukowski tabernako kontzertuek, Tabakalerako kultur dinamikak... auzoa erakargarri egiten dute gazteentzat.

Iruzkina Idatzi

Captcha image