ANDOAIN 2018-12-06 15:13

"Andoainek EH Bilduk eskaini diona baino gehiago merezi du"

Maider Lainezi, Andoaingo PSE-EE alderdiko alkatetzarako hautagaiari, elkarrizketa egin diogu azaroaren 30ean egin zen ekitaldian abiapuntua jarrita.

Maider Lainez azaroaren 30eko aurkezpen ekitaldian.

Irabaztera zoaztela adierazi zenuen aurkezpen ekitaldian...
Ohore handia da berriro nire herrian PSE-EEko alkategai hautatua izatea. Apaltasunez eta ilusio osoz hartzen dut ardura hau. Talde sozialistarengan konfiantza izateaz gain, kalean ere jende askoren babesa eta animoak jaso ditut, eta horrek izugarrizko indarra eman dit.

Aurkezpenean hunkitu egin zinen taldekideak aipatzean. Daniel Garcia agurtu zenuen, bide batez. Uztera baitoa politikagintza.
Lantalde bikaina osatu dugu eta egin duten lan handia eskertu nien. Petri, Txoni eta ni aurrera goaz. Daniel nire lagun mina dela harro esan dezaket. Ekainetik aurrera lehenengo lerroan ez da egongo, baina jakin badakit beti nire ondoan egongo dela.

Zuena dela oposizioa egin duen alderdi bakarra, hori adierazi zenuen aurkezpen ekitaldian.
Ia hiru urtetan zehar EAJ-PNV, Ganemos eta Irabazi erabaki gehienetan gobernu taldearen alde agertu dira. Baina hauteskundeak hurbiltzen ari direnez, batzuk hasi dira kritikatzen orain arte onartzen zituzten erabakiak eta jarrerak. Sozialistok, berriz, legegintzaldi osoan zehar politika arduratsua eta koherentea egin dugu. Mahai gainean lan serioa eta zorrotza jarri dugu.

Ana Carrereren zikloa amaitzen ari da. Zein da PSE-EEtik egiten duzuen balorazioa?
Andoain herriak EH Bilduk azken 8 urteetan eskaini diona baino gehiago merezi duela uste dugu. Bada ordua Andoainek norabide berria hartzeko eta bere perspektibak handitzeko. Gero eta nabarmenagoa da Andoainek aldaketa behar duela, eta horregatik, sozialistok hauteskundeak irabaztera aterako gara: beste alderdien menpe geldituko bagina zer gerta litekeen badakigulako.

Maila pertsonalean, Anak aukeratzen duen ibilbidean arrakasta izatea opa diot, eta zorte ona izan dezala.

Zuen zinegotzi bat ez atxikia izatera pasa zen. Zer nolako eragina izan du horrek zuengan?
Etsipen handia izan zen, baina denborak gauzak bere lekuan jarri ditu. Plenoetan bozkatu duena ikusita, argi geratu da bere ideiak sozialistekin ez zetozela bat.

Zerrendaz eta hauteskunde programaz zer aurreratu dezakezu?
Dagoeneko egitaraua lantzen hasi gara. Hori dela eta, andoaindar guztiak gurekin parte hartzera gonbidatu nahi ditut. Zerrenda ezagutzeko, ordea, pixka bat itxaron beharko duzue.

Iruzkina Idatzi

Captcha image