EUSKARALDIA 2018-12-04 15:58

Andoaingo Udalaren adierazpena, AHOZ AHO, BIZI-BIZI

Andoaingo udalak, Euskararen nazioarteko egunean, adierazpen instituzionala herrira zabaldu du, euskaraldian parte hartu dutenei zorionak emanez eta herritarrak euskaraldia 365etan erabiltzera animatuz.

[Adierazpena]

AHOZ AHO, BIZI-BIZI

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2018

ANDOAINGO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

AHOZ AHO, BIZI-BIZI

Aurten ere iritsi da abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna. Pozez hartzen dugun eguna da, berrogei urte atzera begiratu eta ikaragarria baita euskarak biziberritze bidean egin duen aurrerakada. Aldi berean arduraz hartzen dugun eguna da, badakigulako euskara biziberritzeko bidea luzea dela oraindik, eta malkartsua eta ez erraza, gainera. Orain arteko ahaleginei esker, duela berrogei urte gainbehera zihoan hizkuntza hazkunde bidean jartzea lortu da. Hemendik aurrera, ordea, gure eta ondorengo belaunaldien esku dago, azken hiru hamarkadetan etengabe hazten ari den euskara, gero eta herritar gehiagoren ezpainetako hizkuntza izatea etorkizuneko urteetan.

Etorkizunari ere ilusioz begiratzen diogu, euskal gizarteak argiro erakutsi baitu denon ahaleginak metatuz gai dela euskara, pixkanaka bada ere, indarberritzeko. Beraz, badakigu gai garela; bide egokia urratzen asmatu behar dugu, orain, denon artean. Aurrera egiten jarraituko badugu ezinbestekoa baitugu bidea denon artean egitea, bakoitzak bere neurrian, inork ezeri uko egin beharrik gabe, baina denok elkarrekin. Gizarte honek bere buruari duela ia berrogei urte jarritako helburua baita, euskara, denon ondarea ez ezik, denon hizkuntza ere izatera iristea. Gizarte osoaren proiektua da euskararena.

Gaur bukatu da Euskaraldia: denon bultzadaz garatu den ekimena, Andoainen ere garrantzi betea izan duen ekimena. Udalak hasiera beretik bultzatu du, antolaketarako oinarriak jarriz, eta diruz lagunduz. Zorionak eman nahi dizkiegu ezpainak eta mihia astinduz (ahobizi) edo belarriak euskararen soinuari zabal- zabal irekiz (belarriprest) parte hartu duten bi mila eta hirurehun herritarrei. Eta biziki eskertu nahi ditugu, hilabeteotan antolaketaz arduratu den lantaldea osatu duten guztiak. Zorionak eta eskerrik asko guztiei. Orain dugun erronka da, aurreratu dugun horretan atzera ez egitea. Euskaraldiaren hamaika egunak urteko 365 egunetara luzatzea. Euskaraldiari esker garbi ikusi dugu, euskara, askotan erabiltzen dugun baino gehiago erabili dezakegula. Ea asmatzen dugun bide horretan aurrera segitzen.

Datorren urtean beteko dira berrogei urte, euskara, Euskadiko Autonomia Erkidegoko berezko hizkuntza, hizkuntza ofizialtzat aitortua izan zela, gaztelania bezala. Ate zabala ireki zen orduan. Ofizialtasunaren ate hura zabaltzearen ondorioz, eta, urteotan zehar garatu diren politikek emandako hauspoa eta markatutako bidea tarteko, gizarteak egin duen ahaleginari esker, gauzak asko aldatu dira ordutik hona, euskararen mesedetan kasurik gehienetan, baita Andoainen ere. 1981eko udal erroldan jasotako datuen arabera, Andoainen, bi urte edo gehiagoko herritarren artean, % 36 ziren euskaldunak, eta % 44 euskaraz tutik ere ez zekitenak. Hogeita hamabost urte geroago, 2016an, % 56 dira euskaldunak, eta % 26 euskaraz deus ez dakitenak, ulertzera ere iristen ez direnak alegia. Hogei puntuko aldea dago ordutik hona. Eta, gainera, 2.500 herritar daude euskara ulertzen dutenak, nahiz eta oraindik ez izan hitz egiteko gai. Zenbaki hauek agerian jartzen dute aukera handia dugula euskara are gehiago erabiltzeko gure eguneroko bizitzan, kalean, lanean, lagunartean eta familian. Baita Udaletxean ere. Denok dugu aukera euskararen erabileran pauso bat aurrera egiteko.

Izan ere, gauza asko egiten ditugu euskararen alde, eta hori ez da txarra, ondo dago hau eta hura egitea baldin eta egiten dugun horrek euskararen aldeko ilusioa eta indarra handitu eta zabaltzeko balio badu. Baina izan dezagun garbi: euskararen alde egin dezakegun gauzarik eragingarriena, euskara indarberritzeko behar-beharrezkoa dena, erabiltzea da. Erabileran jokatzen da, ez beste ezertan, euskara eguneroko hizkuntza indartsuagoa izateko partida. Baita Andoainen ere. Eta, horregatik, Udalak euskararen erabilera areagotzeko konpromisoa berrindartu nahi du 2018ko Euskararen Nazioarteko Egun honetan, eta errespetu guztiarekin herritar guztiei dei egiten die pauso bat aurrera egin dezaten, honela adibidez: euskaraz badakitenek, hitzetik hortzera erabiliz; hitz egiten jakin ez baina ulertzeko gai direnek, belarriak erne, erabilera erraz dezaten; eta ez dakitenek gutxienez ulertzera iristeko bidea egiteari ekin diezaioten. Hori baita bidea, denon artean, ahoz aho, bizi-bizi.

Andoainen, 2018ko abenduaren 3an 

Iruzkina Idatzi

Captcha image