KALETXIKIKO JAIAK 2018 2018-07-06 13:33

Auzo txiki, ospakizun handi

Jaien hasierako pregoian Manu Gorostegik igarle lan bikaina egin zuen, bete-betean asmatu zuelako: Festazaleak elkarrekiko errespetu giroan ibili dira eta Jai Batzordeko kideen lan handiari esker, festa bikainak izan dira. Auzo txikia izanik, jaia handia da.

Kandido eta Txikitxoen kalejirarekin hasi ziren jaiak, ohi bezala, Kaletxikin. Manu Gorostegi izan da aurtengo Kandido.

Olagain Udal txistulari elkarteko kideekin Goikoplazatik Kaletxikirako kalejira egin eta gero, hauxe izan zen bere adierazpena: “Urtebete pasa da gure lehenengo Kandidak agurra eman zuenetik. Geroztik, lan mordoa egon da, hor dauden fitxaje batzuen aldetik. Horiei esker asteburu ederra pasako dugu, baina batez ere, gure aldetik jarri behar dugu. Hortaz, badakigu zer eta nola jokatu behar dugun: Irribarrez, alaitasunez eta batez ere elkarrekiko errespetuarekin. Kontutan eduki behar dugu atzetik lan asko dagoela, eta lan hori eskertzeko modua denok elkarrekin gozatzea eta ondo pasatzea dela. Eskerrak eman Jai batzordeari, Txikitxoei, Berrozpeko monjei eta azkenik, zuei etortzeagatik. Jaiak hasiko ditugu. Gora Kaletxiki! Gora Ama Kandida”.
 

ELKARRIZKETA: XABIER ARTANO - Ontza elkarteko danborrada

"Haurrek danborrada gustokoa dute"

Lehenengo esperientzia amaitu berri da. Zoritxarrez, euripean, baina ondo joan da.
Bai, oso pozik gaude. Hogeita hamar ume inguru bildu ditugu. Umeek danborrada oso gogoko dute, eta beraientzat ere aukera txikia da festetan jo ahal izateko. Esperientzia oso polita izan da.

Erantzuna ikusita, iaz zer dela eta ez zenuten martxan jarri galdetu al diozue zuen buruari?
Haur danborrada osatzeko ideia buruan genuen azken urteetan. Aurten helduen danborrada 19:00etan hasten zela ikusita, aukera polita zen txikiek eta helduek elkarrekin pieza bat jotzeko. Beste alde batetik, umeentzat Andoaingo abestiak jotzeko eta ezagutzeko aukera polita zen. Ea datozen urteetan ere posible den bide beretik jarraitzea.

Etorkizuneko harrobia bertan dagoelako, ezta?
Ontzako danborradak urte asko daramatza martxan. Ikusi da jende gaztea prest dagoela danborra jotzeko, eta horrek lasaitasuna ematen digu.

Zuzendari lanetan aritu den gaztetxoak eta danbor-joleek serio jardun dute, gainera.
Bai-bai. Asko, gainera, San Juan jaiak ospatzetik datoz.

Iruzkina Idatzi

Captcha image