ANDOAIN 2018-04-16 09:27

"Txarangatzen" ekimena, Andoaingo kaleetan

Gipuzkoako zazpi txaranga Andoaingo auzo eta kaleak animatzen arituko dira apirilaren 21ean, larunbatarekin. Txarangatzen ekimena izango da, ezohiko musikarien topaketa, Gora Kaletxiki txarangak antolatuta.

Lasarte-Oriako Gautxori txaranga Andoainera datorrenetako bat izango da. Argazkia: Txintxarri.

Gora Kaletxiki txarangak modurik alaienean, kaletarrenean eta zaratatsuenean ospatu nahi du bere sorreraren hamabosgarren urteurrena. Egun horretan sei txaranga ibiliko dira kalean gora eta kalean behera, Andoainen barrena. Gora Kaletxikirekin batera, Deiadar (Errenteria), Gautxori (Lasarte-Oria), Oria (Tolosa), Urumea (Hernani), Talai Mendi (Orio) eta Tximeletak (Donostia).

Eguerdian hasita, ospakizuna
Eguerdiko 12:00etan, Basteron harrera egingo zaie txaranga guztiei. Bertan, denek ere Joxe Mari Oiartzabalek Txarangatzen topaketari begira espreski sortu duen abestia interpretatuko dute. Ondoren, nork bere bidea hartuko du. Punta batetik bestera, Bazkardo eta Kaletxikitik Karrika bitarte, normalki musika iristen ez den auzo eta kaleetara iritsiko da musikaren soinua. 14:00etan Leizaran jatetxean bilduko dira; bertan Delfina Diez sukaldariak prestatutako bazkari goxoa edukiko dute zain.

Txarangak kalean zehar dabiltzala ere, hamaiketakoaz gozatzeko aukera edukiko dute. Andoaingo zenbait elkarte  gastronomiko prestatu dira horretarako: Karrika, Triana, Kotoi, Santa Krutz, Andoaindarra eta Hogar Extremeño. Bazkardoko auzo aldera musika jotzera doan txarangak, berriz, Irrintzi tabernan edukiko du zain hamaiketakoa.

Ehundik gora musikari
Ehundik gora musikariren alardea izango da Txarangatzen ekimena. Gora Kaletxikiko kideek adierazi dutenez, ez daukate aditzerik inoiz hainbeste txaranga bildu denik ekitaldi berean: “Ekimena berria da txarangen unibertsoan, eta oso erakargarria egin zaie. Ideia azaldu eta etortzeko proposatu ahala, baiezkoa eman digute”. Talde profesionalen gisa funtzionatzen dute Andoainera hurbilduko diren sei txarangek. Baina, oraingoan, musutruk agertuko dira; Gora Kaletxikiren 15. urteurren berezia ospatzeko gogoa daukate. Elkarren ezagun eta adiskide dira guztiak ere, eta ez hori bakarrik: Andoainera larunbatean helduko diren musikariek Andoaingo txarangaren aparteko filosofia estimatzen dute, herriko kultur giroan eragile bilakatzea eta musikan gazteei bultzada ematea, alegia.

Kultur bizitzarekin eta merkataritzarekin bat eginez
Txarangatzen ekitaldia Andoaingo Udalaren laguntzarekin burutuko da. Ostalaritzari eta merkataritzari bultzada eman nahi diote antolatzaileek, eta horretarako Salkin elkartearekin elkarlanean jardungo dute. Tabernariek pintxo-pote berezia prestatuko dute. Ez hori bakarrik, astean zehar euren dendetako erakusleihoak txarangetan ohikoak diren elementu identifikagarriez (instrumentuak, jantziak...) apainduko dituzte, eta bertan erosketaren bat egiteagatik, erosleek txartelak eskuratu ahal izango dituzte, larunbateko pintxo-potean erabili ahal izateko.

 

Iruzkina Idatzi

Captcha image