ANDOAIN 2018-01-13 15:15

Pilar Txopeitia, musikaz eta musikariz inguratuta

Pilar Txopeitiak Alberto Agirre abesbatza utzi berri du, 20 urteren ostean. Musikaren transmisioa agortzen ez den iturria da Abrego Txopeitia familian.

Aita bateria-jotzailea zuen eta semeek eta bilobek ere musikari heldu diote

Pilartxo Ederranekoa

Maria Pilar du izena, baina Pilartxo esanez ezagutzen du adin nagusiko jendeak Andoainen. Hobeki esanda, “Pilartxo Ederranekoa” esanda. Goitizena nondik datorkion azaldu digu Pilarrek. Ikusten denez, Kale Berrian izan zuen bizilekua Txopeitia Ulanga familiak; euren bizilagunen artean Alvarez Ulanga familia zegoen. “Etxeko hiru senideak eta beste hiru lehengusuak (Maria Jesus, Mertxe eta Julian) elkarrekin hazi ginen, familia bakarrekoak bagina bezala. Haien aita, Dionosio Alvarez, famatua zen fruta, arraina eta bestelako jakiak karro batekin saltzen aritzen zelako kalean. Ez zekien euskaraz, baina “ederra eta merkea!” ohikatuz ibiltzen zen. Hortik zetorren etxe hartan bizi ginenak, denak, Ederranekoa esanez identifikatzea”.

Ederraneko etxe hura, zeresan gehiago emandakoa da. Pasadizoetako bat kontatu digu Pilarrek. “Garai batean kontu xelebreak gertatzen ziren, gertatzen zirenez. Behin, Tolosatik Donostiara zihoan kamioi batek, Ariztimuñoneko pare horretan dagoen errebuelta estu samar hartu zuen, eta danba!, gure etxea jo zuen bete-betean. Zaharra zen etxea, eta dardarka jarri zuen kolpearekin. Hainbestekoa izan zen danbatekoa, hirugarren solairuan bizi zen senar-emaztea –Joxe Etxeberria eta Juana Goenaga–, kalera bota zuela. Logelako ohea eta guzti erori ziren biak errepidera. Miraria gertatu zen, ikusita biak onik irten zirela kalean sortu zen egundoko hautsartetik”.

Abesbatza utzi berri duzu…

Pena izugarriarekin utzi ere! Zartrosisa, badakizu. Oso figura ona daukadala esaten didate denek, baina ez nago ondo. Burua ez daukat lehen bezala; memoriaren tailerretara joaten naiz. Gainera, belaun batek ez dit erantzuten gaztetan bezala. Goikoplaza aldean bizi naiz, eta azkenerako kosta egiten zitzaidan Olagaineko entseguetarako joan-etorria egitea. Jada ez nago etxera ilunpetan erretiratzeko. Lehen Miren Zarraga, bere alaba eta hirurok autoan itzultzen ginen, baina Mirenek ere utzi zuen abesbatza...

 

Kalea zapaltzen duen horietakoa zara behintzat…

Medikuak ibiltzeko agindu dit, ez da oso gogoko lana niretzat, baina tipi-tapa ibiltzen naiz Txistokiko pasealekuan. Askok ikusten naute, eta oso kaletarra naizela uste dute, baina bai zera! Oso etxezalea naiz, josten makina bat ordu pasatzen dut etxean. Semeei eta beren lagun guztiei egin dizkiet manta txikiak beren umeentzat. Grisak egiten dizkiet, jada ez baitaude modan arrosa nahiz urdin kolorekoak. Etxean erabiltzekoak direla esaten diet, ez direla luzitzekoak, baina behin a ze lotsa pasa nuen! Jon Oiartzunek eta biok kalean topo egin genuen batean, berak, ume gurpil-aulkitik manta atera eta hor hasi zitzaidan lau haizetara zabaltzen, garrasika!

 

Hogei urtetan zer eman dizu abesbatzak?

Izugarri lagundu dit. Batetik psikologikoki, ze alargun geratu nintzenean 1993an, bi urte egin nituen etxetik atera gabe ia. Alabak gogor egiten zidan eta orduan paseatzera ateratzen ginen Trentxiki aldera. Laugarrengo urtean, abesbatzan hasi nintzen.

Txiki-txikitatik maitatu izan dut musika, eta abesbatzak inoiz ahaztuko ez dudan aukera eman dit gozatzeko. Kanturako kultura garatzen lagundu dit. Alberto Agirre abesbatzak asko eman dio Andoaingo herriari, eta segitzen du; nik ere zerbitzu horretan parte hartu dudan sentsazioa daukat. Armonia onean aritu naiz kantarien artean, eta gainera, abesbatza primerako aitzakia izan da guztiontzat Euskal Herrian zehar –Nafarroan batik bat– turismoa egiteko, parajeak eta beste kulturak ezagutzeko. Abesbatzako eragile den Jexux Mari Otamendik nafar odola dauka, eta maiz eraman izan gaitu bere jaioterri aldera.

 

Andoainen eskaintzen diren musika emanaldi askotan ikusten zaitugu entzule gisa. Nondik datorkizu zaletasun hori?

Musika klase guztiak ditut gustuko, eta ahal dudan guztietan hurbiltzen naiz Basterora. Umetan pianoa ikasi ez izana da nire frustrazioetako bat. Berrozpeko mojetara joaten nintzen ikastera, eta han modu partikularrean pianoa irakasten zuten; lagun batzuk aritzen ziren bitartean, ni inbidiatan! Izan ere, hiru senide ginen (Maria Jesus, Julian eta hirurok) eta etxeko ekonomiak ez zuen ematen; gurasoek nahikoa zeukaten hiru umeen eskola ordaintzearekin. Nolanahi ere, egia da familian musika bereziki bizi zela. Amak (Pantxika Ulanga) euskal abestiak kantatzen zizkigun, Benita Etxeberria bere adiskideak erakutsi zizkionak; hark bazuen anaia jesuita euskaltzalea, eta euskal kantutegia itsatsi zion. Aita (Teodoro Txopeitia), berriz, bateria-otzailea zen; Mateo eta Pepe Saenz anaia Txurreroekin eta Joxe Mari Oiartzabalekin Jazz Bandean jotzen zuen.

Mateo Saenz, Jose Mari Oiartzabal, Teodoro Txopeitia eta Pepe Saenz, Jazz Band ospetsuko kideak.


Banda mitikoa gerra aurre eta ondorengo urteetan…

Inguruko orkestinarik famatuena izan zen, seguruenera. Oso modernoak ziren, denetik jotzen baitzuten; jazza, balsak… Gu Kaleberrian bizi ginen, Ederraneko etxean, eta Santa Krutzetan musika eszenategia pare-parean jartzen zuten, Jexux Langararen bodegaren aurrean. Bada, balkoitik begira-begira egoten ginen nola jotzen zuen musika aitaren bandak. Ikustekoa zen zenbateko erraztasuna zeukaten gazte jendea dantzan jartzeko!

 

Txopeitia abizena ez dago oso zabaldua...

Donostian du jatorria Txopeitia familiak; Abuztuaren 31 kalean bizi ziren guzti-guztiak, nahiz eta gaur egun han inor ez den geratzen. Aitona arrantzalea zen. Sei seme-alaba ziren familian, gure aita tartean. Oso umetan umezurtz geratu ziren, eta Donostiako arrandegian geratu zen zaharrena ez beste guztiak Andoainen bizi zen izeba batek hartu zituen. Oso gutxi entzuten da Txopeitia abizena, galtzeko zorian dago; nire semeetako batek, abizen hori hartu du lehenbizikotzat, eta halaxe transmititu dizkie bere bi semeei ere.

 

Gerraren eragina bete-betean bizi izan zuen zure familiak…

Ni 1936ko urtarrilaren 5ean jaio nintzen, eta berehala etorri zen gerra. Aita errepublikano sutsua zen, eta beldurragatik, ihes egin genuen Bilbo aldera, aitona-amonarekin, bi izebekin eta beste zenbait familia-lagunekin batera. Hara eta hona errefuxiatuen pare ibili ginen kuadrillan, haur bat jaiotzea ere tokatu zen han Bizkaian. Aitonak –Inaxio Ulanga– eta bere alabek apenas zekiten gaztelaniaz, baina egin zuten moldatzeko modua, eta halako batean denok trena hartu eta etxera itzultzeko. Bien bitartean, aita preso hartu zuten frontea Bizkaian hautsi zenean, eta hiru urte eduki zuten langile batailoietan, esklabu baten antzera Andaluzia aldean errepideak egiten. Ni umea izanik, aita, behin edo behin postaz iritsi zitzaigun argazkiren bati esker ezagutu nuen. Lubakietan ibili zenean metralla buruan sartu zitzaion, eta haren eraginak betirako geratu zitzaizkion; atake epileptikoak jasaten zituen.

Gurasoak Subijanako lantegian aritutakoak ziren gerra aurretik, baina ezin izan zuten lehengo lanpostua berreskuratu; nagusiak ez zituen gorriak ametitzen. Aita preso egon zen denboran gure amak Kale Nagusian ireki zen ehundegi-tailer batean topatu zuen lana. Gero aitak Laborden sartu ahal izan zuen.

Musikak ez dauka etenik zuen familian…

Bai, nik ez dakit nola arraio, baina aitonak arrastoa utzi zuen familian, hiru semeengan bai behintzat. Seme zaharrena, Xabier, gitarra zale amorratua izan da betidanik; Almacelles herrian (Lleida) bizi da familiarekin, eta Katalunian sona handia daukan Salseta del Poble Sec orkestran jotzen du; gitarrari heldu dio bere semeetako batek ere. Eneko ere ezaguna da kantari bezala, BAP taldean hasi zenez geroztik. Mutiletan gazteena, Mikel, bateria-jotzailea da. Gazte-gaztea zelarik sentitu izan nuen makilak esku banatan hartuta, logelan, nola jotzen zituen oheko egurrak bere gisa. Harrigarria da kontua, aitona ez baitzuen ezagutu! Bateriak badauka predikamentua familian: Mikelen seme bat bateria jotzen hasi zaigu!

 

Igual Andoainen jendeak jakingo ez duena zera da, zure osaba Jesus Abrego Arronizko magoa zela, erremonteak inoiz ezagutu duen pilotaririk abilena…

Garai batean Madrilgo kaleetan bi pertsona ospetsuk bakarrik zituzten beren izenak argizko errotuluetan jarrita: Kapelean frutak eramaten zituen Brasilgo emakume artista batek, eta Jesus Abregok. Nire senarraren (Jose Inazio) osaba zen; Nafarroan jaiotakoak ziren abregotarrak. Senarraren aita irakaslea zen eta bere anaiak maiz Donostiako frontoian jokatzen zuenez, bertan irakasteko plaza eskatu zuen. Andoaingo ikastetxekoarekin konformatu behar izan zuen, eta horrelaxe heldu ziren honantz abregotarrak; eta halaxe ezkondu nintzen haietako batekin. Oroitzapen politak dauzkat senarrarekin; ia arratsaldero joaten ginen frontoira erremontea ikustera eta oso harreman estua geneukan pilotariekin.

Iruzkina Idatzi

Captcha image