AMASA-VILLABONA 2018-01-12 12:42

Opera proiekzioa Gurean

Kultur ekitaldi berria sartu dute  Amasa-Villabonako kultur eskaintzaren barnean. Urtarrilaren 18an, ostegunarekin, Madama Butterfly operaren proiekzioa eskainiko dute Gurean. Gaur egindako aurkezpenean jakinarazi dutenez, ikusleek ondo erantzuten badute, zuzeneko opera saioen proiekzioak ere antolatuko dituzte etorkizunean.

Opera proiekzioaren aurkezpena

Maite Izagirre alkateak hartu du hitza aurkezpenean: "Amasa-Villabonako Kultura sailaren helburua bide berriak urratzea da. Kultur ikuskizunek geroz eta garrantzia handiagoa dute gure eguneroko bizitzan, eta horregatik, Udalak kultur ekintzak bultzatu behar ditu. Ez bakarrik betikoak, baita orain arte herrian ikusi ez direnak ere. Kalitatezkoak, eta ahalik eta jende gehienaren gogokoak direnak. Kultur ekintza berritzaileak eskiani ahal izateko, ospe handiko hainbat entitate eta elkarterekin bat egin dugu. Besteak beste, 2016an Jazzaldiarekin hasi ginen elkarlanean eta geroz eta sendoagoa da harremana. 2017an Musikenerekin ere hasi ginen harremanetan. Horren ondorioz gozatu ahal izan ditugu Deborah Carterren kontzertua, edota biolin eta flauta bikotearen kontzertua eta Gabonetko Gospel kontzertua ere".

 

Mertxe Garmendia, Kultur zinegotziak urtarrilaren 18ko proiekzioa hartu du ahotan: "Datorren ostegunean, Gurea zinean, Giacomo Pucciniren 'Madama Butterfly' opera famatua proiektatuko dugu. Izen berbera duen ipuinean oinarritua dago eta Japoniako Nagasakin gertatzen diren gertakarik erretratatzen ditu. Formatu berri hau, Amasa-Villabonan lehen aldiz egingo dena, Gureako programazioa zabaltzen du eta Amasa-Villabonako jendeari gisa honetako ikuskizunak gerturatzen dizkio". Beste herri batzuetan dagoeneko martxan dagoen programaziora gehitzen zaio Villabonako eskaintza.

Urtarrilaren 18ko proiekzioa aurrez grabatua izango da, baina "Udalaren ideia, jendeak ondo erantzuten badu, zuzenean eskaintzen ari diren operak eskaintzea da, streaming bidez". Hala azaldu du Mertxe Garmendiak.

Kultur sailetik, kultur eskaintza berri honetan parte hartzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak: "Horretarako, operaren lagunen taldea osatu nahi da; herriko kultur taldeetako kideekin eta arte hau maite duten guztiekin batera", azaldu du Mertxek.

Opera proiekzioa ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude Amasa kafetegian eta Basajaun dendan, 7 eurotan. Egunean bertan ere jarriko dituzte salgai Gureako leihatilan, 10 euroren truke.

Iruzkina Idatzi

Captcha image