AMASA-VILLABONA 2018-01-02 12:53

Bi peoi gehiago arituko dira lanean udaletxean

Amasa-Villabonako Udaleko kideek jakinarazi dutenez, Tolosaldea Garatzeneko enplegu-planarekin elkarlanean, hilabete askoan lanik gabe egon diren bi pertsona kontratatu ditu peoi lanak egiteko. Espazio publikoak garbitzeaz eta hobetzeaz arduratuko dira:

Tolosaldea Garatzenen (Eskualdeko Garapen Agentzia) baitan lortutako akordioaren ondorioz, eta enplegua sustatzeko erakunde horren programaren barne, urtarriletik aurrera Villabonak horrelako lanetan eskarmentu handia duten bi peoi gehiago izango ditu. Langile horiek sei hilabetez arituko dira Udaleko Brigadaren agindupean, eta OSATUZ Herrigintza planaren lehenengo fasearen garapenerako izendatutako eginbeharrak jasotzen dituen lan-plangintzan oinarrituta. Formazioko ikastaro labur bat jaso ondoren, beraien lehenengo zereginetako bat herriko espaloiak baporezko makina batez sakon garbitzea izango da, Oriamendi, Larrea eta Arroa auzoetatik hasita.

Lanaldi osoz arituko diren langile berri horiek iraupen luzeko langabetuak dira, 55 urtetik gorakoak, Tolosaldea eskualdean langabezia tasa altuenak jasaten dituzten adin-multzokoak hain zuzen. Tolosaldea Garatzenetik beraiek kontratatuz enplegagarritasun-arazo larriak dituzten pertsonak lan munduan txertatzea sustatu nahi izan da.

EAJ Gobernu taldeak bere poza agertu nahi du lortutako akordioagatik, alkatearen hitzetan ez baita erraza izan: "hasiera batean gure herriari langile bakarra izendatzea zen ideia; negoziaketatan eskualde mailan dugun bigarren herri izaera azpimarratu eta nagusitu behar izan dugu bi peoi izatea lortuz", adierazi du Maite Izagirrek. Bere ustean, kontratazio berri hauei esker gure hiri-ingurunearen kalitatea hobetuko da.

Iruzkina Idatzi

Captcha image