AMASA-VILLABONA 2017-12-07 13:59

Pebet Txapelketa, aurrera doa

Lehen hiru jardunaldiak amaituta, final laurdenetan mugilduta dago txapelketa. Pilotazaleek abenduaren 15ean izango dute datorren hitzordua, 19:00etan hasita, Bearzana pilotalekuan. Jarraian, lehen bi jardunaldiek emandakoa:

Hotza izan da nagusi Behar Zana Pilota Taldeak antolatzen duen VI. Antton Pebet memorialeko lehen bi jardunaldietan. Villabonako Bear Zana frontoian pilotariei eskuak eta gorputza berotzea kosta zitzaien. Agian, datorren urtean pilotalekua itxita badago, jarri ahal izango da berogailurik. Kanpoko giro hotzak, eragin handia izan zuen abenduaren 1ean eta 2an jokatutako partidetan. Hala ere, ikusleek ederki erantzun zuten eta harmailak duinki bete ziren.

Ostiralean, lehen norgehiagokan Urbieta asteasuarrak eta Aranguren agiñarrak Peru Labaka zizurkildarra eta Hernaniko Aizpitarte izan zituzten aurkari. Izenez, lau pilotari handi. Labakak, berez fase buru parte hartu behar bazuen ere, 15ean jokatu ezin zuenez, antolakuntzak abenduaren 1ean jokatzeko eskaria egin zion, Prietok azken unean eskuko minez zenez partida ez jokatzea erabaki baitzuen.

Partida honetan bikote bakarra izan zen protagonista: Urbieta eta Aranguren. Aurrean zein atzean nagusi izan ziren. Pilota bizi mugitu zuen atzelari gazteak, eta Urbieta erraz moldatu zen defentsan jardun behar izan zuenean; erosoan ere eraginkorrena  izan zen. Aizpitarte  mailaz behetik aritu zen eta Peru Labakak partida galduta zuenean eman zuen bere onena. 21-7 galtzen joan ziren eta zizurkildarraren erreakzioari esker lortu zuten markagailua txukuntzea. Azken emaitza 22-13koa izan zen.

Bigarren partidan ezustekoa gertatu zen. Santxo usurbildarrak eta Behar Zana taldeko Esnaola txaramarrak 10-2 eta 20-10 dominatua zuten partida, baina inork espero ez zuenean, Añorgako Urmenetak eta Asteasuko Urruzolak banaka-banaka tantoak pilatzen joan eta partida berdintzea eta ondoren irabaztea lortu zuten. 22-20 izan zen azken emaitza. Partidako lehen zatian, Esnaola eta Urruzola parekotasunean aritu ziren. Esnaolak Urruzola dominatzen zuen  tarteka ere eta Santxok pilota bizi mugitu eta tantoak erraz amaitzen zituen. Santxo zen partidaren erritmoa  zeramana. Urmeneta defentsan aritu zen erasoan baino hobekiago. 

Partidaren azken txanpan ordea, pilota aldatu zuen bikote irabazleak eta zuzeneko sake batzuengatik batetik eta jokoan Santxori sartzen utzi ez  eta erabat Esnaola erasotzeagatik bestetik, partida iraultzea lortu zuten. Santxok berak izan zuen partida irabazteko aukera baina egin behar zuen unean 3 huts egin zituen.

Bi bikote hauek abenduaren 5ean final laurdenetan jokatuko dituzte beraien partidak. Lehenengo partidako irabazleak Alberdi Gorrotxategiren aurka eta bigarrengoak Salaberria-Garmendiaren aurka hurrenez hurren.

Larunbateko giroa ere oso hotza izan zen. Partidak ere hotzak izan ziren. Ikusle kopurua ere aipatzekoa. Jende asko bildu zen Villabonako Bear Zana pilotalekura egiten zuen eguraldi kaxkarra kontutan hartuta. Eta kantxan, bi bikote izan ziren  oso nagusi.

Lehen partidak 20 minutu ez zituen iraun. Hernaniko Arrietak eta Bergarako Zezeagak 22-9 irabazi zuten Berrobiko Zubiria eta Burlatako Eskirozen aurka. Zezeagak pilota gogor astindu zuen eta Arrietak erraz amaitu. Zubiria salduta egon zen, bere jokoa egiteko aukera izan zuenean ere ez zuen ezer berezirik egin eta ez zen Eskirozen eguna izan. Azken markagailuak guztia adierazten du. Hauek, abenduaren 15ean jokatuko dute beren final laurdenetako partida.

Bigarren partida antzekoa izan zen. Markagailua ere ia berdina. 22-8 irabazi zuten Eneko labaka albizturtarrak eta Mariezkurrena II. nafarrak Huarteko Espinal eta Aizpuru asteasuarraren aurka.

Eneko Labaka oso joko puntu onean dagoela erakutsi zuen eta kolore guztietako tantoak eskeini zituen. Espinal defentsan bigunago agertu zen eta txispa gutxiagorekin. Atzean, nafarra gehiago izan zen, nahiz eta Aizpuruk pilotakada ederrak jo zituen. Hauek biek ere, beraien hurrengo partida abenduaren 15ean jokatuko dute.

Iruzkina Idatzi

Captcha image