ADUNA 2017-11-16 08:06

Gari ereitea, auzolanean

Kultur Astea abian da Adunan eta igandera arte, ez da etenik izango. Azaroaren 18an, garia ereingo dute adunarrek auzolanean.

Miren Genua, Iñaki Aristeta ‘Txatarras’ eta Jone Olasagasti, ekimenaren bultzatzaileetako hiru.

Egitaraua

Azaroak 17, ostirala

18:00, Loatzo musika eskolako kideen Santa Zezilia irteera. Ondoren, merendola.

21:30, Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa. Txulobin.

21:30, Helduentzat pelikula. Koria eta itsasoa. 20:00ak aldera Tolosaldeako Saharako Taldekideek tea prestatuko dute.

 

Azaroak 18, larunbata

09:00, Auzo-lanean garia ereitea. Garia ereitetik hasi eta ogia egiten bukatu arteko prozesua.

11:00, Haur jolasak.

12:00, Kantubira.

16:30, Haur antzerkia. Markeliñe.

18:30, Gaztain eta pintxo dastaketa Guraso elkartearen eskutik.

 

Azaroak 19, igandea

09:30, Mendi buelta edo Urmara museora irteera (Alkiza).

Bilera azaroaren 22an

Kultur Astea igaro bezain laster, azaroaren 22an, gauzatu nahi den prozesu guztiaren berri emateko bilera informatiboa egingo dute kultur aretoan, 19:00etan.

Bestalde, gariarekin batera, lur-sail berean, maiatzean, artoa eta babarruna erein eta prozesu hori ere gertutik bizitzeko asmoa dute.

Hori da, azaroaren 18an, larunbatarekin, antzina bezala, garia ereingo dute auzolanean Adunan. Herrian okina ere badutenez, urtebeteko tartean, gaia landu eta herritarrek parte hartzeko aukera zabaldu nahi du horrela kultur elkarteak, garia ereitetik hasi eta ogia egin arteko prozesua pausoz pauso garatuz eta erakutsiz. “Pauso guztiak ondo joanez gero, hurrengo urteko Kultur Astean egin nahi dugun azokan, Adunako gariarekin egindako ogia prestatuko litzateke jendaurrean”. Bada, lehen pausoa emango dute larunbatean; garia auzolanean ereitearena. Euskal Herriko hazia ereingo dute, Nafarroako Irunberritik nahiz Arabako Adana eta Derediatik ekarritakoa, hain zuzen. “Nahasketa erabiliko da, tartean ogia egiteko Euskal Herrikoak diren hainbat barietate zahar. Bretaiñia aldeko beste gari mota batzuk ere bai”, zehaztu du Iñaki Aristeta ‘Txatarras’ kultur elkarteko kide eta ekimenaren antolatzaileetakoa denak. Urteak dira Adunan ez dela garirik erein eta jakin-mina dute nola aterako den, baina ilusio biziz nabari dira, antzinako ohitura zaharra egunera ekarri eta lanbide hura ezagutu zuten herritarrengandik, irakaspena jasotzeko gogo biziz. Dagoeneko harremanetan dira Adunan garai batean garia erein izan zuen Pablo Aburuza herritarrarekin, ‘lehen bezala orain ere etorriko da garia’ esan zien antolatzaileei eta oso pozgarria izan zen hitz haiek entzutea eurentzat. Gaia gertutik ezagutu zutenen jakintza ezagutzearekin batera, belaunaldi berriei ezagutarazteko baliatuko dute aukera, “eskolako kideekin harremanetan jarrita, esaterako, txoriek haziak jan ez ditzaten, txorimaloak egin ditzakete gaia landuz”.

 

Gari ereitea

Guztiz ez bada ere, antzinako erara eman nahi dituzte garia erein nahiz ondoren sortuko diren beste auzolanetarako pausoak, “lurraren zati bat, aurrez traktorearekin goldetu dugu, baina azaroaren 18an, laiarien lanbidea ezagutaraziko dugu; alegia, lurra jiratzeko antzinako modua”. Auzolanera gerturatuko diren herritarrei baserri giroko arropak jantzita etortzeko deia luzatu diete, auzolana bideoz grabatuko denez, ahalik eta ondoen, lanbidearen garai bateko kutsua mantentzeko. “Gari ereitea bide luzeago baten hasiera izango da, ereitetik hasi eta ogia saldu arteko prozesua grabatuko baitugu”. Ogiaren pausoekin hasi badira ere, kultur elkarteko kideen asmoa, hurrengo urtean antolatu nahi duten azoka horretan baserriko lanbide ezberdinak erakustea da, “herrian bertan baditugu sagardogileak, txakolina edo garagardoa egiten dutenak, erlezainak, lore ekoizleak, gaztagileak, ganadua eta baratzeak dituzten baserritarrak… Lanbide horiek guztiak erakutsi nahiko genituzke”, azaldu du ‘Txatarras’ek.

 

Bilketa, uztailean

San Martinen bueltan erein izan ohi da garia eta halaxe egingo dute eurek ere, azaroaren 18an. Gero eguraldiaren arabera, uztaila edota abuztuan egiten da bilketa eta hortxe etorriko litzateke bigarren auzolana: “bilketa; sortak prestatu eta gariarekin meta moduko batzuk egitea. Hirugarren pausoa eta auzolana, berriz, jasotako gari hori harri baten kontra jo eta alea askatzea litzateke eta laugarrenean, azokara gerturatuko ginateke dagoeneko: gari hori irin bihurtu ondoren, ogia edo pastak egitea. Herriko irinarekin egindako ogi osasungarria”.

 

Udalaren babesa

Gari ereitearen ekimena aurrera eramateko, Adunako udaletxera jo dute antolatzaileek eta ateak zabalik aurkitu dituzte bertan, “herritar batzuek Uztartza atzeko herriko soroan landaketa egiteko baimena eskatu zuten eta guk pozarren hartu dugu proposamena. Herritarrak ideia berriekin etortzen zaizkigunean, laguntzeko prest izaten gara beti; eta auzolanerako baldin bada, are eta hobeto!”, adierazi du Josu Amilibia Adunako alkateak. Ekimenak aurrera ateratzeko laguntza ekonomikoa, lurra edota edozein azpiegitura behar dela, Udala herritarrentzat irekita dagoela gogoratu du eta deia ere egin du, “beti Udaletik ekintzak sustatzen ibili beharrean, herritarrak proposamenekin etortzea oso pozgarria da guretzat eta bide hori hartzera animatu nahi ditugu”.

Iruzkina Idatzi

Captcha image